0 comments

Demokraziak

 

Udal Hauteskundeak direla eta ETBko azpimarra saioan Donostiako alkatetzarako zerrenden ordezkariek eztabaida izan dute bakoitzak bere proposamenak azalduz. Hautetsi denek nahi dute, jakina, hautesleen onarpenaz gain, gehiengoa lortu ahal izatea eta, ahal dela, Udaletxeko Gobernua gidatzea agintearen ordezkapenean oinarritzen den demokrazia sistema honetan. Telebista saioaren amaieran, ordea, haietariko batek, EH Bilduko zerrendaburua den Juan Carlos Izagirrek, hain zuzen ere, gobernatzeko sistema hori, demokrazia alegia, noizean behin ordezkariak hautatzeko zeremonia baina zerbait gehiago badela arrapostu du. Egia da ohiko bihurtu zaigun demokrazia ordezkatzailearekin batera, besteak beste, Demokrazia Zuzena ere badagoela eta, hura arautzeko Donostiako Udalak lan interesgarria burutu duela azken legealdi honetan. Hala eta guztiz ere, aipatu eginahala ia oharkabean pasa denez, ongi deritzot onartu zen egunean inon agertu ez zen agiria argitaratzeari. Hona hemen jarraian:

Ezohikoa lege

“Hautsi ohituraren kristala ( Marcel Proust)

Donostiako Udalbatzak bidea ireki berri dio Demokrazia Zuzena arautuko duen proposamenari. Aurretik aho batez  onartuta egon arren azken tramitea falta zitzaion eta, azkenik, bete egin da.

Hemendik aurrera, beraz, erroldatutako donostiarrok gure hiriari dagozkion auziez eztabaidatu eta  zuzenean bozkatzerik izango dugu. Orain arte udal politika kudeatzeko ezohiko modua izan dena arau bihurtuko da aurrerantzean, denon onerako, denen ahaleginari esker.

Izan ere, Donostia 1813an suntsitu ondoren egin zen lehenengo erroldan, etxe izenak (ez zenbakiak) azaltzen ziren moduan, orain ere pertsonen izenek, gizakiak zenbaki bihurtu gabe,bada, gertuko gobernuaz erabakitzeko aukera izango dute. Horrela, Donostia triskantzatik atera zuten haien izpiritua parte hartzailea biziberritu egingo da. Baina erabakitzeko modu hori azken urte hauetan ohiko izan ez bada ere usu izan dugu, ordea,  araudi hau erdiesten  ibilitako prozeduran: hala udal teknikarien engaiamendua nola, duela bi urtetik hona aritutako herritarren lan era, eta udalbatza osatzen duten alderdi politikoen ordezkarien baterakuntza ere ez dira ohikoak izan gurean.

Araudia lortu da baina, horrekin batera, lanerako modu eredugarri ere ikasi dugu. Ezohikoa arau dugu orain. Ospatu dezagun, beraz…eta, berandu baino lehen, jar dezagun abian.

Demokrazia Zuzena arautuko duen proposamenaren herritar kontraste taldeak, Donostian, 2015/04/30

Beraz, Demokraziaren festa deitu izan diren udal hauteskundeen atarian, irtengo diren zerrenda bozkatuenak bazterturik geratu arren (horra hor demokraziaren amarrua), herriak bere iritzia azalarazteko bidea izango du Donostian. Esan bezala, zain gaude.

 

 

 

 

 

/
Latest posts
Latest comments