0 comments

DUELA HOGEITA BAT URTE

 

 

EGIN itxi zuten baina ezin gizartea ulertu bertan gauzatu ohi den komunikazio mota behar bezala ikertu gabe. Duela ehun eta hogeita bat urte jaiotako Herbert Marcusek hori bera adierazi bazuen ere honek ez du lagundu bere adierazpenak behar beste ulertarazten. Aitzitik, haren pentsamendua hil omen baitute hark proposatzen zuen komunikazioaren ulermena fosilizatuz. Ikusi bestela prentsa kontserbadoreak berari buruz argitaratuak, nahiko garbi erakutsi baitu norberaren mezuak testuingurutik at kokaturik (testuinguruak semantika jakin bat edo beste helarazten baitu) bai esanahia baita zentzua ere galtzen duela. Antzeko gertaera sumatu zen Picasso margolariaren proposamen estetikoez. Alegia, bizi zen bitartean prentsa kontserbadoreak bere artelanei boikota egiteaz gain kontrako jarrera gotorra bezain nabarmena erakutsi zuen. Picasso hil ondoren, ostera, berari buruzko laudorioez beteriko gehigarri argitaratzearekin batera, artistaren ekarpen estetikoak eta balore komertzialak goraipatu zituzten berezko proposamen kritikoak baztertuz.

Marcuseren mezua testuinguratu ahal izateko, beraz, haren ekarpenak egungo gizarte mediatikoaren arabera kokatzen saiatu beharra dagoela uste dut. Komunikazioak hemen eta orain nola gauzatzen den Euskal Herrian eta bizitzen ari garen abagunean bereziki.

 

Gizarte unidimentsionala da gurea. Hau da, egungo gizarte egiturak aldaezina izan nahi du, eta horretarako komunikazioa menperatu nahi du bere azalpen guztietan (horregatik itxi zuten EGIN hain zuzen ere). Eta

Komunikazio menperatuak pentsamendu bakarra lantzeko balio du soilik. Egun, Le Monde Diplomatiqueren eta, bereziki, I. Ramoneten tesiak globalizazioaz, neoliberalismoaz edota komunikazioaz H. Marcuserenga ditu, ene aburuz, erroa eta sostengua. Pentsamendu bakarra dagoen tokian ezin kritikarik egon kritikak, alderatu ahal izatea eskatzen baitu.

Berlingo harresia erori eta gero (1989tik hona) ugaldutako azken orduko kritikek dogmatismo berria ekoiztu dute, ordea. Hau da, merkatuaren gainean eraikitako gizarte garaikidea omen da egon daitekeen onena. Historia, beraz, amaitu da (Fukuyama).

Bere garaian, sistema politiko bezala, Marcusek horrenbeste kritikatu zuen marxismo dogmatikoaren muina berragertzen ari zaigu, beraz. Izan ere, Marcusek dogmatismoari zuzendutako kritikek (68ko belaunaldirako ezker berria pentsamendu korrontearen sorrera eragin zuenak) balio garaikidea bezain bizia eduki badute.

Marcuseri esker izan zen posible gizarte garatuen langileriak politika-eraldaketa prozesuetan omen zuen protagonismoa kolokan jartzea. Horrela, inperialismo zein kolonialismoaren garrantzia eta iraultza zientifiko- teknikoak ekarritako borroka eremu berriak ulertarazten lagundu zuen (ekologismoa, telematika, genetika, eutanasia edota eugenesiari buruzko debate juridiko- filosofiko-politiko berriak...).

Gizarte unidimentsionala aldatzeko bidean alderdi eta sindikatu klasikoen egiturak kritikatuz, batera egin zuen A. Gorz, Kolakowski edo Rudi Dutscherekin. Areago, borroka horretarako gizarte sektore berrien beharra aldarrikatu zuen: feminismoa, kolonizatutako herrien askapen mugimenduak (egun planteatzen den globalizazioaren garrantziak Marcusengan aitzindaria du-eta...), estatuetako gutxiengoak, langile teknikoak, intelektualak, ikasleak... etab.

Gizarte alternatibak sortzeko eta garatzeko imaginazioa premiazkoa dela behin eta berriro errepikatu zigun irakasle zaharrak gizarte eredu berriak irudikatuz. Paradoxikoak badira ere arrazoiak ezarritako dogmatismotik aske izango dira, izatekotan.

Autodeterminatuak izango gara, beraz, inola ez-determinatuak (edo ezinbestean kontrolaturik). Horretan bat letorke Gaston Bachelard edo Alfonso Sastrerekin imajinazioaren indar eraldatzailea aldarrikatzean.

Pentsamendu haiekin guztiekin egungo egoerarekiko ezkorra izatea ez litzateke inor harritu behar. Baina horretan bere garaian ere Marcuse ez zegon bakarrik A. Harendt edo Walter Benjamin bidelagun baitzituen gogoeta nahiz jarrera bertsuan. Azken honek, faxismoaren hastapenetan idatzitakoa gogora ekartzeari bidezkoa deritzot indar espainiartasunen itzalak euskaldunon bizitza iluntzen duen une hauetan baita, euskaldunon artean, marxismo dogmatikoaren itzal zaharberrituak hedatzen ari den honetan.

Marcuse duela ehun eta hogeita bat urte jaio zen eta EGIN, duela hogeita bat urte hil ziguten baina oraingo #expoliogara harpidetza kanpainak irudimen gehiago behar dugula dio...eta nostalgia eskematiko gutxiago.

 

/
Latest posts
Latest comments