0 comments

Egunsenti Urrekara

 

“Cara al Sol” abesten zuten falangistek “que en España empieza a amanecer” uste zutelako Estatu kolpeak irekitako egunsenti urrekaran.

Berriki, halere, “Egunsenti  Urrekara” izeneko alderdi  neonazi greziarraren buruzagiak espetxetara bidali zituen hango epaile batek.

Egia da sei diputatutatik hiru aske utzi dituela epaileak eta ebaspena ez dela Grezian oso ongi hartua izan baina, neonazien kontra irekitako bidean honek ez du bestelako ondoriorik eduki, bistan da. Ildo horretatik, Justizia ministroak ere dimisioa emango zuela uste zen baina ez da, nonbait, horrelakorik gertatutuko.  Greziako Faxistentzat, beraz, garaitza izan da gertatutakoa.

«Ez dugu amore emango!. Hilobitik ere zutituko gara!», ohikatu zuten harro.

Poliziak hartutako sinbolo eta armen artean, Espainiako bandera frankista bati antzeman zioten. Diada egunean Kataluinako Madrilgo egoitza eraso zutenen erabilitako berdina.

Madrilen, ordea, ez dute alderdi faxista espainiarrak legez kanpo uzteko borondaterik…espainiarrak direlako eta, finean, Espainian oraindik faxistek indar politiko handia dutelako. Madril izango da ziur aski,  Europako hiriburu guztien artean, Hitler estatua txikiak legez erosteko  aukera ematen duen bakarra.

Espainian legez kanpo uzten dituzte herri kontsultak, berdin Igeldon edo Bartzelonan, Araban edota Gironan. Giza eskubideen aldeko elkarte euskaldunak ere debekatzen dituzte eta espainiar iritzi publikoa ez da asaldatzen, baina, espainiar ez izatea helburu duen alderdi oro, berriz, legearekin  zigortzen dute.

Duela urte batzuk Georges Kaminis,  Atenaseko Unibertsitateko zuzenbide irakaslea ezagutzea suertatu zitzaidan  baita  berak egindako Tesi Doktorala ere “ La transition constitutionnelle en Greèce et en Espagne”. Liburu gisa argitaratu zuen Frantzian duela jada hogei urte ( Librairie générale de droit et de jurisprudence. 1993) “Paul Deschanel” izeneko saria eskuratuz. Interesgarria iruditu zitzaidan eta  horri buruzko iruzkina egin nuen Ezpala aldizkarian ( 18/98 sumarioagatik itxi behar izan zuen teoria politikoaren aldizkaria).

Tesiaren funtsa Espainiaren eta Greziaren arteko erkaketa  egitea zen. Bien Trantsizioa alderatzea, alegia. Frankismotik nahiz Koronelen Erregimenetik antolaketa konstituzionalera igarotzeko eginiko bideak konparatzea.

Bietan, bistan da, “demokrazia zaindua bezain saindua” eraiki behar izan zuten tokian tokiko arazo nazionalak gainditzeko eta, ildo beretik, indarrez zetorren ezker politikoa gune erabakitzailetik baztertzeko. Bide horretan, jakina, AEBren tutoretza funtsekoa suertatu zen.

Ondorioa denok ezagutzen dugu: Espainian nahiz Grezian. Kapitalismoak kolonizatutako ekonomiak dira, krisi gorrian daudenak eta, ondorioz,  langabezi tasa izugarri handiak ( lan merkatua mehatxatzeko ezaugarri estrukturala garaian araberako gorabeherak dauzkanak ).

Bi estatuetan neoliberalek agintzen dutela jakina da. Baina neonaziek bezala, egungo agintariek ez dute “neo”tik ezer. Betikoak dira, neonazi deritzanak “berrikuntza” gutxi duten moduan, aurretik aski ezagun dauzkagun naziak diren moduan dira liberal haiek, ultrak alegia.

Ultra liberalak, ultra hutsak.

Politikari Naziak.

Espainian eta Grezian.

Fito Rodriguez.

/
Latest posts
Latest comments