0 comments

Erabakitze eskubideren alde nago

Batzuentzat erabakitze eskubidearen alde egotea autodeterminazioren bidetik atzera egitea da.Niretzat, berriz, independientziarako bidea hastea besterik ez da. Kasu honetan bezala, esan liteke edozein definizio kontzeptual aurretiazko arazoren bati emandako erantzuna baino ez dela (François Chatelet, Chronique des Idées Perdues, 1981). Honela bada, erantzun mota buruz  erabakigarria gertatzen da nork, noiz, non, zergatik eta zertarako planteatzen den identitatearen prozesu definitorioa eragin duen interpelazioa.

XXI. mendean Estatu espainiarrean zergatik dagoen baten bat, neroni, adibidez, erabakitze eskubidearen alde galdetzeak ez du emango, adibidez, XIX. mendeko Espainietan emango zukeen diskurtso modu berdina (Michel Foucault, L’Ordre du discours, 1971).

Lehen espainiar Errepublika (1873) Pi i Margallen babes federalistapean mamitu zen debate ideologikoaren giroak markatu zituzten gai honi buruzko eztabaida politikorako ardatzak nahiko ezberdinak dira Espainia monarkikoan era ekidinezinean gai hau jorratzeko beharko genituzkeen aldean, zeinean eskuin espainolistenak agintzen baitu non espainiar nazionalitate hautsezinaren sakralizazio konstituzionalak baldintzatzen baitu, hasieratik bertatik, zeinahi jarrera libre.

Honela bada, hau bezalako galdera teoriko bati erantzun dakiokeenez ikuspuntu filosofiko, historiko, soziologiko, juridiko, literario edota historikoen bidez, nahitaez bihurtzen da, orain eta hemen, arazo praktiko eta politiko. Areago, gaurko egoeran eta  auzi honen aurrean, ondoriozko erantzun mota edo/eta definizioa orobat bilakatzen da definitorio bai emititzen duenarentzat baita diskurtso guztiarentzat ere(Pierre Bourdieu, L’identité et la représentation, éléments d’une reflexion critique dans l’idée de région, 1980).

Honen guztiaren aurrean, eta kontuan izanik zergatik izan erabakitze eskubidearen aldekoa? galderari erantzutea, testuinguru honetan nahitaez dela erantzun praktikoa eta politikoa, ezin dut inola ere gaia jorratu aurretiazko testuingurua saihestuz, horretara bultzatzen nautelako Euskal Herriko hizkuntzan idazle izateak eta inolako eragozpenik gabeko adierazpen askatasunaren aldeko izateak. Bihoaz, bada, lehenik eta behin nire erantzuna ulertzen lagunduko duten hainbat erreferentzia, azken batean eta lehenago esan bezala, guztiz politizatua izango den erantzuna.

P.S. Mancinik nazioa “lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntzaren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizonen gizarte natural bezala definitu zuen (“Sobre la nacionalidad”, 1985) eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Honela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria, kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu, eta beraz, lurraldez Estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio.

Ildo juridiko-politiko honetan, bada, nekez ahal liteke erabakitze eskubidearen alde izan sezesionismoa posible izatea onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan Estatuaz aske izatea galarazten bazaio.

Gaur agian inoiz baino areago ari da “ius cogens” (eskubide hertsagarria) via plebiszitu bakezko soluzioa eragozten hainbat kasutan non herriek politikoki, autodeterminazio errebindikazioen bidez, beren buruaz baliatzeko eskubidea planteatzen duten (Michaud, “Droit à l’autodétermination eta pouvoir politique”, 1980).

Ildo beretik, nola gaurko Estatu-Nazioen Konstituzioen parterik handienak hala erlazio politikoen eredu berriak ekar ditzaketen estatuen arteko egiturek  (Europar Batasunean bertan adibidez) merkatu deitu librea kontsakratzen dute konstituzionalki. Honela bideraezin bihurtzen dute herriek eta nazioek beren aberastasunak eta baliabide naturalak libreki baliatzeko eskubidearen ariketa (1974ko abenduaren 12ko AG3281 Ebazpena).

Egoera honetan, bada, orain eta hemen, inter-nazionalismoa pentsaezina da ez bada abiatzen nazioek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea onartzen ez bada (Michel Cahen, “L’inter-nationalisme contre la mondialisation”, 2001).

Honela, beraz, esan bezala politikaren jatorri grekoaren kontzeptutik abiatuz, ondorioztatu behar genuke globalizazioari gaurko koordenatuetan aurre egiteko erabakitzeko eskubidea borrokatzea irtenbide bakarra litzatekeela.

Zer da, orduan, erabakitze eskubideren alde egotea?

Zalantzarik gabe, erreferentzia komunitario eta identitarioen garrantzi ideologikoaren kontzientziaren jabe izatea, truke desorekatuaren mundializazioari alternatiba politikoak formulatzeko.

Beren etorkizuna libreki erabakitzea lortzen ahalegintzen diren herrien erabakimen kolektiboaren prozesuak balaztatzeko “ius cogens” bereizkuntzarik gabe administratzearen aurrean ez etsitzea.

Horra inter-nazionalista izateko era koherente bakarra.

Anti-inperialista izatea.

Demokrata izatea.

 

 

 

/
Latest posts
Latest comments