Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Galdysen seme-alabak

 

Gladys del Estal ezagutu genuenean oso gazteak ginen. Orain, berriz, urteak pasa ondoren, batzuk guraso bihurtu gara eta beste batzuk aitona-amonak gara honezkero. Gladysek, jakina, ezin izan zituen seme-alabarik ezta bilobarik ere eduki, baina, orduan hil egin ez bazuten, nola izango lirateke egun bere haur izandakoak?

Ezin da hori jakin, noski. Agian galderak berak ez du zentzurik gaur egun berari, biziarekin batera, beste aukera askoren artean hura bera lapurtu ziotelako baina, lagun gisa, horretaz pentsatu dut inoiz eta, ziur nago, izango zituen seme-alabak edota bilobak ere hemen, gurekin batera, egongo liratekeela. Ez bere hilketa gogoratzen, bistan da, baizik eta naturaren defentsan antolatutako edozein ekitalditan eta, hori egiteagatik, errepresaliatutakoen alde egongo zirela ez dut dudarik gu bezalako jende mota baitzen Gladys bera.

Aurreko asteburuan errauskailuaren aurkako giza katean egongo ziren moduan, astean zehar Gipuzkoako Plazan akanpaturik egon direnekin bat egingo lukete eta, pentsatu nahiko nuke, estilo horietako mobilizazioetan bateginik egongo ginatekela urteetan zehar gure lurraren aldeko defentsa ez baita militantzia txertatuta daramagun bizitzeko modua baizik.

Baina ez, Gladysi ez zioten eman ez seme-alabarik ezta bilobarik izateko aukerarik eman. Hil egin zuten antinuklearra izan zen ekitaldian bere lurraren defentsagatik eta, nahiz Lemoiz gaur egun erabat gelditurik egon, bera eta bere balizko ondorengoak ere lapurtu zizkiguten betiko.

Hala eta guztiz ere, hemen gaude. Urteek segitzen dute eta berriro ere elkartuko gara. Lemoiz geratuta ere, Lurraren defentsan, bizitzaren defentsan, borrokak jarraitzen du eta, nola edo hala, Gladysen adiskideak izan ginenak gara gaur bere seme-alabak eta ondorengoak eta, horregatik hain zuzen ere, bere ondarea zabaltzen segituko dugu.

Gora Gladys

Gora Lurra

Gora Bizitza

Search