0 comments

Gotingako zazpiak

Grimm anaien urtea izango da hau. Erpurutxoz eta Katu botadunaz hitz egingo digute, baita Edurnezuriz ere…zuriketa galantaren esperoan gaude, beraz.

Efemeride guztiekin gertatu ohi denaren antzera, idazle hauen ekarpenari buruz ohore eta loria hedatuko da urte honetan zehar baina ez naiz ni horrelako biderik ibiliko den haietarikoa izango. Aitzitik, Grimm anaien urtean erraz aipatuko ez direnak gogoratzera natorkizu, balizko irakurle hori. Hona hemen jarraian, bada,  Grimm anaiei buruz ezkutatu izan nahi diren printza batzuk.

Adibidez, Bigarren Gerratearen ondoren, irabazi zuten aliatuek Grimm anaien ipuinak debekatu zituzten alemaniar herriaren sena ( Volkgeist) zabaltzen laguntzen zutelakoan. Horra hor, beraz, ustezko demokraziaren defendatzaileek hartutako jarrera zentsuratzailea, orain ziur asko gogoratzeko gogorik izango ez dutena.

Esaterako, Grimm Legea deitzen zaio filologian bi anaietako zaharrenak (Jakob) indoeuropear hizkuntzentan kontsonanteen arteko aldaeren norabidea ulertzeko asmatu zuen formulari. Hau da, Grimm anaiak ez ziren soilik idazleak, ez zitzaien ardura bakarrik ipuina eta narrazioa, erabiltzen zuten hizkuntza baizik.

Bide batez, Grimm anaiek (Jakob eta Wilhelem) idatzi eta famatu zituzten ipuin haiek (Erpurutxoz eta Katu botadunaz baita Edurnezuriz eta gainerakoak ere…) ez ziren haien asmakizunik izan inguruko emakumezkoek haiei kontatuta baino. Neskame izan zuten Dorothea Viehmann andrea edo Gretchen Wild, botikariaren alaba zaharra, edota Wilhelemen emaztea bilakatu zen Dortchen gaztea izan ziren beraiek munduan zehar zabaldutako ipuin haien jatorrizko kontalariak. Egun ez dira, jakina, izen horiek ezagun izaten…emakumeak zirelako edo idazleak ez zirelako?

Ez pentsatu gehiegi, irakurle, Grimm anaien (Jakob eta Wilhelem) gertuko laguntzailea izan zen Bettina von Armin idazlea ere ez da gaur egun Grimm anaiak bezain ezaguna, zergatik izango?

Halere, aurten Grimm anaiei buruz goian aipatu guztia, nire ustez behintzat, behar beste zabalduko ez bada ere, bada, egon, ahaztu behar izango ez zen beste istorio bat, Gotingako zazpiena, hain zuzen.

Grimm anaiek (Jakob eta Wilhelem) Gotingako unibertsitatean lan egin zuten Kasselgo unibertsitatetik alde egin ondoren baina 1837an, Ernest August konteak indarrean zegoen Konstituzioa bertan behera utzi nahi izan zuenean ( azkenean lortu zuen) Grimm anaiak, beste bost irakasleekin batera, unibertsitatetik atera ziren protesta moduan. Erabaki horrek asko zaildu zuen haien bizimodua eta Kasselera  itzuli behar izan zuten ia dirurik gabe bizirauteko.

Haien kasuan bederen, literatura eta konpromiso politikoa ez omen ziren banandu beharrekoak, haurrentzako ipuinak idazteko izan arren (dena den beraiek ez zuten inoiz onartu haurrentzat izkiriatzen zutenik…).

Fito Rodriguez. 

/
Latest posts
Latest comments