Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Hezkuntzan ere autodeterminazioa

Hezkuntza akordio bat osatzeko bidean ez da lubakirik onartu behar, ez lurraldeen artean ezta sareen artean ere. Bide malkartsu horretatik ibiltzen abiatzera deliberatzen direnen artean ez baitago bat bestea baino hobeagorik

Duela hiru urte “Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa” (Delta, 2019) liburua argitaratu genuen aspaldiko irakaskuntza ez-unibertsitarioaren borroketan elkarrekin aritutako bi adiskideok, Josu Txapartegik eta biok.

Akuilua 1993an Euskal Autonomia Erkidegorako “Buesa Legeak” eragindako giroa islatzea, eta horretaz gogoetari berriro ekitea izan zen. Garai hartan parte hartu genuen eman ziren eztabaidetan, bai auzoetan eta herrietan, bai bakoitzaren ikastoletan, bai beste eztabaida foruetan ere.

Ikastolen existentziak sortzen zuen anomalia konpontzeko, 1993an, sozialistek EAJrekin batera, indarrean jarri zituzten Euskal Eskola Publikoaren bi lege. Ikastolen mundua bitan zatitu zuten legeok, administraziotik onura ekonomikoa eta lanpostu ziurtasuna lortzearen truke. Ez bi sareen arteko baterakuntza lortzeko, eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten bidean, baizik eta espainiar eredu estatalean, haien eredu publikoan, integrazioa lortzeko; alegia, ikastolak haien sare publikoan integratzea edo sartzea soilik izan zen. Gainerako eskola sistemetan zeuden eskoletan, debatea ez zen eman. Haren karira sortutako eztabaida, gainera, ez zen Euskal Herri mailan eman, Euskadi autonomiko soilean baizik.

Hego Euskal Herrian, hezkuntzan hiru sare zeuden: lehendik zetozen eskola nazional espainiarrak, batetik; indar handia zuten zentro erlijiosoak, bestetik; eta herritarrek beraiek sortutako ikastolen mugimendua, azkenik. Bitxi samarra egiten zitzaien, nonbait, eskema hura bitasunean ohituta zeuden buruei. Haiek, EAEko gobernura iritsi zirenean lehendabizikoetako ahalegina egin zuten ikastolen mugimendua sare publikoan barneratzeko, eta nahiko itota zebiltzan ikastolei eskaini zizkieten berme ekonomiko guztiak integrazioaren truke. Berez, diskriminazio soziologikoa gauzatu zen horrela, dirua zuten ikastolak “pribatu” gisa geratu ziren, eta, dirurik gabeko auzoetakoak, berriz, sare publiko transferituan integratzera behartu zituzten.

Hezkuntza komunitate bakoitza berean egoskortu da, bakoitza bere lubakian jarrita. Espainiako eta Frantziako eskola publiko deitutako sareetakoak, beraiek direla publiko bakarrak aldarrikatuz. Ikastolak, aldiz, beren ildo herritarra nola edo hala mantendu nahian, baina, soziologikoki, gero eta «pribatuagoak» izateko arriskuan.
Hori dena liburuan agertu genuenean zauri zahar bat berriro irekitzea bezala izan zen, zorne guztia hasi zen irteten eta ahaztutako jarrera erasotzaile batzuk ere berpiztu ziren.

Duela hiru urte astindu genuen arloa, bada, hasi da mugitzen orain eta, ondorioz, euskal eskola sistemaren inguruko ezohiko ekarpenak hasi dira zabaltzen ikuspegi nazional batetik. Haien artean “Hik Hasi” aldizkariak plazaratutako alternatiba dugu alde batetik, eta, bestetik, Eusko Ikaskuntza egiten ari den ahalegina dago, non hezkuntza eragile ezberdinak bilduz Euskal Herriari dagokion hezkuntza politikoa argitu nahian ari diren. Esan bezala, duela hiru urte “Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa” liburua argitaratu genuenean orbaindu gabeko zauri bat irekitzera gindoazela ematen bazuen ere, orduan mahaigaineratu genuen eztabaida behar bezala ari da zabaltzen egun.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, euskal irakaskuntzaren egoera ziztu bizian ari da aldatzen. Frantziako Konstituzio Auzitegiak Eskualde hizkuntzen ondare babesari eta sustapenari buruzko Legeari buruz emandako epaiak, Molac Legea izenaz ezagutzen dena, bi artikulu garrantzitsu gaitzetsi ditu, hango Konstituzioaren aurkakotzat jotzen baititu, eta horrek erreakzio politiko bizia eta herritarren kezka handia eragin ditu Iparraldean.

Oraingo honetan, bada, Euskal Autonomia Erkidegoan bederen hezkuntza akordio bat osatzeko unea heldu da. Alde batetik, euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen bidean ezarriko duena, nazio ikuspegiz landua izango dena, arloan aritzen diren eragile guztiak batuko dituena, eta, azkenik, bizi dugun gizartearekiko era kritikoan heziko duena modu eraldatzailean.

Beraz, berriro diot, bide horretan ez da lubakirik onartu behar, ez lurraldeen artean ezta sareen artean ere. Bide malkartsu horretatik ibiltzen abiatzera deliberatzen direnen artean ez baitago bat bestea baino hobeagorik.

Areago, ezin da burujabetza politikoaren zain egon ¡ hezkuntza arloko eragileen artean sinergiak lantzeko eta euskal hezkuntzan baterakuntzak lortzen joateko. Hezkuntzan ere autodeterminazioa besterik ez baita bidea.

Search