0 comments

Ispilu berreskuratua

 

XX. mendearen bukaeran, antipsikiatriaren eraginez, eroetxeak isten hasi zirenean urteetan ispilurik gabe bizitako gaixoei beren burua islatua berriro ikusteko aukera eman zitzaienean gehienak, noski, euren errepresentaziori antzemateko ez ziren gauza izan. Denbora behar izan zuen bakoitzak zeuzkan itxura eta aurpegia onartzeko, bere izaera aitortzeko.

Eta horren antzera, nago, herritar garaikideak ez duela bere burua errepresentaturik ikusten egungo erakunde politikoetan. Izan ere, esan daiteke pairatzen ari garen demokrazia ordezkatzaile hau horren da desitxuraturik eta ustela ezen harekiko desafekzioa inoiz baino handiago dela. Zeren eta pentsatzea bizitzaren arlo publikoari dagozkion erabakiak gure ordez hautatutakoek guk nahiko genituzkeen berberak ebatziko dituztela beti errakuntza handia da, inozokeria ez esatearren.

Ez, demokraziak ez du ordezkatzailea soilik izan behar. Aitzitik, horrela bakarrik izatekotan, deliberoak herritarren partez erabaki ohi dira eta politika oro herriaren lepoz garatzen da erabateko despotismoari bidea irekiz (dena egitea herriaren alde, ustez, baina herriak uste duena aintzakotzat hartu gabe).

Honezkero, aipatu bide ustelak ekarri ditu bere ondorioak eta orain ohiko bihurtu da, esaterako,  alderdiek bere baitan, bakoitzaren aginte egituretatik haratago, afiliazio osoari galdetzea hautetsiei buruz, balizko paktuetaz eta abar…horrezaz gain,  eguneroko arazo politikoetan herri galdeketen aldarria nahiz praktikak gero eta arruntagoak ari dira gauzatzen. Honek guztiak, jakina, errepresentazio politikoaren krisiak erakusten dizkugun adierazleak besterik ez dira. Edota, orokorrago oraindik, egungo gizartean nahiz kulturan bizitzen ari den errepresentazio sistemen hausturaren seinale litzateke.

Ezagueraren eraikuntzan mimetismoari eta algoritmoen gaineko agerpenei birtualitate digitalizatua ordezkatu die, denboralizaio klasikoaren partez berehalakotasunean ari gara bizitzen eta beraz, res-publikoa antolatzeko modua ezin da izan XX.mendean izan zen berbera.

Errepresentazio orokorraren krisialdia dela medio, dagoeneko herritarrak ez baitu bere burua ikusten gizarte aginte mekanismoetan, demokrazia ordezkatzilean eraikitako ohiko politika ere nozituta dago eta politikoak, sinesgarriak baino gehiago susmagarri bilakatu dira. Inork ez baitaki ebazpenak non eta nola hartzen diren (Udaletxean, Gobernu lokaleetan, Zentralean, Bruselan edota inork gutxik ezagutzen ez duen itun enpresarialek bideratutako “txosten teknikoen” arabera…) ez eta zer nolako ondoriorik izango duen han erabakitakoa norberaren eguneroko bizitzan ere.

Pairatzen dugun politika egiteko moduan, demokrazia ordezkatzailearen bidez, zilegitasuna eman nahi izan zaio interes pribatuei res-publikoan sartzeko eta, bide batez, haren lepoz gizentzeko. Egun, gobernatzeko zeharkako modu ez zuzenek agintzen dituzte egunenerokotasunean eragiten diztuzten baldintzak (salneurriak, dirua eta maileguen balioak eta abar…) eta ezin zaie erantzun harreman ezkutuen bidez gauzatzen baita hori guztia herritarrei  ezer galdetu gabe.

Aitzitik, egungo ezagueraren gizarte honetan informazio aukera inoiz izan den zabalena dugu eta, halaber, eztabaidarako foroak inoiz baino egingarriagoak dauzkagu…eragingarriago bihurtu ditzagun, bada.

Alda ditzagun, beraz, dagoen demokrazia zaharra zuzena bilakatuz. Horrela, izpiritu errepublikarrari atxikiturik,  hautsita dagoen  gizarte ispilua ere berreskuratu eta aldatuko dugu. Norberaren osasun fisikok eta mentalak eskertuko digute hori zeren eta, agian, gaurko politikoak benetako demokrazia eskuratu aurretiko azken katebegiak besterik ez dira izaten ari.

 

 

/
Latest posts
Latest comments