Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Kasualitateak

Aurreko batean Donostiako Alde Zaharrean nengoen lagunekin elkarturik eta, nola ez?, Kataluniako Errepublikaz ari ginen hizketan.

Lagunetariko batek katalanerak zuen indarraz ohartu gintuen…eta hori dena, bere aburuz, independentzia eskuratu beharrik gabe.

Berehala honakoa arrapostu nion:

-       Aizu, katalanerak duen nazioarteko estatusa ez dator bere kultur indarretik, oso txikia den nazio independiente batek, Andorra alegia, hizkuntz ofiziala legeztatzetik baizik. Horregatik onartua izaten da katalanera Nazio Batuen Elkartean eta europar erakundeetan, ez Espainiako Automia Erkidego batean koofiziala izateagatik.

-       Bai- segitu zuen berak- baina hantxe ez dute hemen bezala pairatu behar ETAren itzala, zeinak hizkuntza bera ere politizatu egin duen.

-       Begira, ihardetsi nion, Andorra aipatu dizut baina Andorrak berak, bere historia luze eta guzti, baditu, eduki, bere itzalak.

Zuk ba al dakizu Andorra Ertarotik independentea izan bada ere garai jakin batean burujabetza galtzekotan egon zela?

-       Bai zera!, besteak.

-       Horixe bera!, nik. Francoren azken urteetan, haren ideia inperialak bultzatuta, Frantziarekin eta Eliza katolikoarekiko harremanetan egon zen espainiar estatua hala Prefetari nola Urgelleko apezpikuari zegozkien botereak eskuratu ahal izateko. Ez Frantziak ezta Elizak ere ez omen zuten interes handirik Pirineotako Printzerrian eta Espainiak, berriz, hango gastuen ardura hartuko zuela saltzen zuen…beraz, Andorrak bere aspaldiko burujabetasuna galtzeko zorian egon zen.

-       Eta zer gertatu zen?, galdetu zidan, jakinminak akuilaturik, adiskideak.

-       Negoziazioak eraman zituena Carrero Blanco izan zela eta, dakizunez…hegan egin zuenez, ezin izan zituela hori dena burutu.

-       Eta?, hark.

-       Bistan da, nik. Andorraren istorio hau gertatu zenetik denbora pasa da eta zer pasa zen esan dezakegu. Euskal Herrian, agian, behar besteko denbora beharko dugu horrelako gauzak kontatzeko eta balioztatzeko baina, hori bai, katalanera gaur egun nazioarte mailan ofiziala bada Andorrari esker da, eta Andorra independentea da egun, besteak beste, ETAren borroka dela medio…

Aldameneko mahi batetik, berriz, baten batek esan zidan:

-       Ez nekien hori, Fito, eta ondo da jakitea…

Burua jiratu nuen eta, hara non, CUPeko David  Fernandez zen gau donostiar hura gurekin partekatzen ari zena…ez nekien ezagutzen ninduenik…

Search