Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«La rentrée scolaire»

Euskal Herriarentzat egitura politiko burujabe bat amestuz bizi gara, eta horren alde dihardugu, jakitun, 1979ko Autonomia Estatutuaren mugak, baita Nafarroako Foru Hobekuntza deritzanaren mugarriak ere zeintzuk diren.

Ikasturte berriaren atarian hitz egin dezagun eskola publikoaz, baita hezkuntzaz ere. Irakaskuntza nazionalaz mintza, baina argi utzita zein den gure nazioa.

Europan estatuak antolatzen hasi zirenean aro modernoan eskola estatuaren tresna bilakatu zen hasieratik (Althusser, L. (2011) "Idéologie et appareils idéologiques d'État". Paris: Presses Universitaires de France). Eliteen formazio beharrak asetzeko eta estatuaren ideologia hiritarra eraikitzeko erabili ziren eskola, institutu, akademia eta unibertsitateak. Estatu bakoitzak antolatu zuen bere ikasketa prozesua tokian tokiko estatuaren helburu nazional zentralista eta ekonomikoak zainduz eta, halaber, nazio periferikoen kaltetan.

Frantzia errepublikazaleak markatu zuen bidea Euskal Herriko Iparraldean. Hegoaldean, berriz (1857), Moyano legeak jaso zuen eskola sistemaren antolatzeko ardura. Bilakaera luze baten ondoren, hezkuntza osoa kudeatzen joan dira estatu modernoak. Gure herriaren kasuan, larriak izan dira ondorioak: espainiar zein frantsesen kultura eta hizkuntza hartzera behartu zituzten Euskal Herriko belaunaldi berriak.

Euskarari eta euskaldunoi eskolan egin zaigun jazarpena ondo dokumentaturik dago. Joan Mari Torrealdaik, Koldo Izagirrek edo J. M. Odriozolak, liburu eta ikerketa ugari eskaini dute jazarpen horri buruz. Historian zehar eskola nazional frantsesak eta espainiarrak euskararen eta euskalduntasunaren aurka jo dutenik ezin da zalantzan jarri. Frankismoak ekarri zuen akabera Espainia aldean eta, Iparraldean, Frantzia handiaren jakobinismoarekin batera, Code Napoléon eta frantziar État-nation besterik ez zen izan. Gailurrean, bada, Estatuaren batasuna beti.

Zer gelditu da Euskal Herrian? lurraldean, hirutan zatitutako herria. Zati batzuetan, menpeko autonomia bat kudeatzen duten erakundeak, beti gobernu zentralaren erabakien mendean. Eta euskal kultura? Azken berrehun urtetan izan dugun galera neurtezina da eta, begi-bistako ondorioa, aldiz, erabateko akulturazioa.

Lege-mailako desberdintasun egiturazkoa, gaztelania jakiteko betebeharra vs euskara jakiteko eskubidea, jauzi politiko kualitatiboa da zeren eta estatu zentralistek ez baitezakete sekula onar bere gainetik edo parean egon daitekeen beste legeriarik, ez autonomikorik, ez bestelakorik.

Ikuspegi estataleko sektoreei, ordea, haurrei euskara eta euskal kultura naturaltasunez irakastea helburu gehiegizkoa iruditzen zaie beraientzat euskara ulertzea edo komunikatzeko lain ikastea aski delakoan, eta, halaber, euskal kultura bera zalantzan jartzen duten bitartean ikasleei ildo ideologiko konkreturen bat inposatu nahi zaiela leporatzen diote euskal hezkuntzaren aldeko aldarriari. Ez dute inolako kolonizazio estatalik sumatzen.

Euskal kultura «kultura kolonizatutzat» definitzea debate askotako eztabaidagai izan bada ere, hemen egiten den aukeraren ildoaren erreferentziatzat har dezagun Gisèle Halimiren "Le procès de Burgos" liburuaren (Gallimard, Paris, 1971; Collection Témoins) hitzaurreko J. P. Sartreren hitz haiek, inola ere ez partzialak ez susmagarriak: «Si colonie il y avait, ce paradoxe que le pays colonisateur serait pauvre et surtout agricole au lieu que le pays colonisé serait riche et qu’il offrirait le profil démographique des sociétés hautement industrialisées»; paradoxikoki, Euskal Herria «herri kolonizatuen» artean sailkatzeko aukera egiten baitzuen, aukera hau hizkuntz/kultur eremuan oinarrituz: «La majeur partie des millions rendus vont aux organes d’oppression (administration espagnole où espagnolisée, armée d’occupation, police, tribunaux etc.) ou débasquisation». Egoera hori gainditzeko moduari buruz, Sartrek berak ere Albert Memmiren lanetan bilatu zuen euskarria eta, autore honen "Portrait du colonisé" liburutik aipu eginez, honako hau ondorioztatzeko erabili zuen, hots, kolonizazioari buruz kolonizatua bakarrik mintza daitekeela behar bezalako sakontasunez, zeren, beti ere haren argudiatzeari jarraituz, kolonizazio kulturala kolonizatzaileek sekula izan ez dezaketen bizi esperientzia delako.

Euskal burujabetasunaren ikuspegitik, ordea, hauxe da auzia. Euskal Herria, herri zatitu eta menperatu gisa ikusten dugun herritarrok osatzen dugu ikuspegi hau. Ez dugu konstituzio frantsesaren ez espainolaren zilegitasunik onartzen, lege inposatu gisa sentitzen dugu (Txillardegi (1987). "Euskal kulturaren zapalketa". EKB.). Euskal Herriarentzat egitura politiko burujabe bat amestuz bizi gara, eta horren alde dihardugu, jakitun, 1979ko Autonomia Estatutuaren mugak, baita Nafarroako Foru Hobekuntza deritzanaren mugarriak ere zeintzuk diren. Kontziente gara Euskal Herritik egiten diren lege guztiak, azkenean, Estatuen mugarekin topo egingo dutela. Oso ongi dakigu konstituzio espainiarraren 27. eta 149. artikuluen morroi jaio zela balizko eskola vascaren 1993ko saiakera hura, eta Frantziako Karta Magnak jaiotzeko aukerarik ere ez duela eman eskola antolatzeko hastapeneko garaian ez eta oraingo sasoietan ere, Molac legearen kontrako ebazpenak lekuko (Bertaud, J. P. (1989). "Instruire mais dans quelle langue?, J’étais enfant en 1789". CNDP.).

Mendekotasun egoera horretan bizi gara euskal herritar asko. Badago, beraz, gatazka ideologiko nabarmen bat. Gatazka politikoa izenda dezakeguna. Nazio batzuk, besteen gainetik jartzen direnean, sortutako berezko desorekak dira. Funtsezko elementu hau ahaztu edo ezkutatzen bada, ezin dira ulertu agertzen diren kultur eztabaida gehienak ez eta hezkuntzaz hitz egiten dugunean ere.

Search