Hilabete honetan berriro dator "Literaturia" Zarautzera eta, ekainaren hasieran, euskal liburu azoka izango dugu Ziburun. Ez dira, Durangoko edo Sarako azoka klasikoetan bezala, liburu "elebidunen azokak", euskaraz idatzitako literaturaren inguruan elkartzeko aitzakiak baizik, eta, "Euskaraldia" ren erdian, horixe gogoratzeak merezi du.
"Fahrenheit 451" eleberriko suhiltzailea bere kide ohiek liburuak irakurtzen aurkitu zutenean, ihes egin behar eta basoan babesa bilatu zuen liburu-gizonak deiturikoen ondoan. Erresistentzia talde horrek literatur lanak buruz ikasten zituen, ahanzturan gal ez zitezen. Izan ere, Ray Bradburyren eleberrian, suhiltzaileek errepresio lanak egiten zituzten, liburuak debekatuta baitzeuden gizarte horretan, eta irakurketa legez kanpoko jardueratzat jotzen zelako; beraz, suhiltzaileek etxeak miatzen zituzten liburuen bila, berehala konfiskatu eta erretzeko. Suhiltzaile horietako batek, Guy Montag izenekoa, bizitza aspergarri eta errutinazkoa zeraman Clarisse emaztearekin, eta haren interes bakarra telebistako pantailari begira orduak ematea zen. Montagek Linda ezagutu zuenean, liburuekiko interesa piztu zitzaion eta ihes egin behar zuen, ezinbestean.
Eleberrian Montagek berak edo, askotan, bere ordez, suhiltzaileen taldeko kapitainak errezitatzen zituen liburuen debekurako arrazoiak: eleberriak inoiz existitu ez den jendeari buruzkoak dira, eta, gainera, irakurtzen dituena zorigaiztoko bihurtzen da daraman bizimoduarekin, literaturak beste bizitza batzuk nahi izatea eta beste modu batean bizi nahi izatea eragiten baitie.
Debekatuta zeuden liburuak irakurtzeak, gizartea eta pertsonak zorigaiztoko bilakatu zituelako aitzakian, bada, liburuak erretzea zen irtenbide bakarra.
Badirudi gizarte honetan ezin dugula jakin zerk egiten gaituen zorigaiztoko. Hobe omen da Eurovision jaialdiari begiratzea, Israelek Gazan eragiten duena gogoratu gabe, eta, jakina, hobe da Durangokoari eta Sarakoari euskal liburu azokak deitzea, saldutako liburu gehienak espainolak eta frantsesak badira ere.
"Fahrenheit 451" eleberriaren filmerako egokitzapen bat egin zuen François Truffautek, eta bertan, Clarisseren pertsonaia –suhiltzaile errebeldearen emaztea– eta Lindaren pertsonaia –maitalea– aktore berak (Julie Christie) antzeztuko zituen. Hau da, aurpegi berak sistemak neutralizatutako pertsona irudikatzen du, eta haren jakin-min intelektuala liburuak irakurtzen hazi zuen emakumezkoa.
Jada ez dira existitzen euskarazko elebakarrak, baina intelektualki euskaraz gara gaitezke aukeratzen dugun hizkuntzaren arabera.
Baliteke aukera erraza ez izatea, ezta erosoa ere, baina, halere, horrek askeago bihurtzen gaituelakoan nago.
