Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Negua joango al da?

Itsas Beltza ez da Itsas Hila baina laster hura izan daiteke. Enararen habia munduaren hilobia bihur liteke. Yalta ez baita inoiz gehiago izango izan zena.

Zea Maysek «negua joan da ta» abesten zuelarik, udaberri berria zetorrela ulertzen genuen denok. Agur hotsari eta giro goibelari, beraz, ongi etorri maitasuna eta beroa. Enaren etorrerak markatu ohi duen funtsezko aldaketa hura jadanik ez omen dugu horren usukoa eta, haren faltan, gure artean "Eraztunen jauna" narrazioan agintzen zuen «jaun ilunaren» gerra giro etsigarria zabaltzeaz gain, errotu eta betikotu egin dela dirudi.

Esaten dute, gerra guztiak inoiz amaitzen ez den bataila bera direla, ez dagoela ziklo-aldaketarik, udaberria engainu iragankorra dela, enarek gure latitudeetara egiten zuten hegaldia bezala, ni ez nago hain ziur, baina egia da, behin gerran egonda, bando bakoitzak bere afektuak edota antipatiak biltzen dituela. Badakigu hildako guztiak ez direla berdinak hedabideen kontakizunetan, baita, orohar, inbasio guztiek ez dutela ikusgarritasun bera merezi ere. Gerran demokraziarik ez dago, Hobbes zenaren teoria da nagusi: homo homini lupus...

Enararen habia (Ласточкино гнездо- Lastochkino gnezdo, errusieraz; Qarılğaç yuvası -tartareraz; eta Ластівчине гніздо, Lastivchyne hnizdo, ukranieraz) Yaltatik gertu dagoen gaztelu apaingarria da, Krimea penintsulan, Itsas Beltzaren gainean zintzilik dagoena. Gaur egun, Errusiari atxikita dago eta Ukrainak eskatzen du. Izen berbera izanda ere modu ezberdinetan ahoskatu eta idazten da eta tokiaren jabegoa eztabaidan dago. Aipatu gaztelua ez da inoiz gotorlekua izan, apaingarria besterik ez da baina, halere borrokagai bihurtu da, haren inguruko lurrak eta urak bezain beste. Itsas Beltza ez da Itsas Hila baina laster hura izan daiteke. Enararen habia munduaren hilobia bihur liteke. Yalta ez baita inoiz gehiago izango izan zena. Gure mundu garaikide honen akaberaren isla izan daitekeelakoan nago.

Search