Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Paisaia garestiaren ordaina

Dirudienez Gugenheimen Urdaibairako proposamena bertan behera geratuko da. Pozten naiz. Bermeoko Kabidxe elkarteak gonbidatuta, nire "Turismo Hutsala" liburua hantxe aurkeztu nuenean, gaiari buruzko iritziak jasotzeko erakundeen entzuketa-prozesuaz hitz egin zidaten eta horretan parte hartzea deliberatu nuen. Hartan, paisaia babestu horretan Gugenheimek beste egoitza bat ez eraikitzeko eman ahal izan nituen nire arrazoiak. 

Oraingo honetan, berriz, Frank Gehry duela gutxi hil izanak, haren lanari egin ohi zaio apologiaren aurrean, nire kritikak Bilboko Gugenheimera zabaltzera narama. Izan ere, nire iritziz, eta egun hauetan argitaratutako guztiaren kontra, Gehryrena ikusizko arkitekturaren adibide garbia da, eta ikusle pasiboak sortzea du helburu, herritarren espazio partekatuak sustatu beharrean.

Bilboko Guggenheimek ahal izan duen neurrian mugak zabaldu ditu arkitekturan, eta eraikinaren, irudiaren eta hiriaren arteko erlazioak birdefinitu dituela ez dago dudarik. Halere, eraikin honek eta Frank Gehryren lanak, oro har, arkitektura ikonikoa planteatzen dute gizalegezkoa baino, ohiz kanpokoa eta eguneroko beharretara begira ez dagoena. Material eta tresna berriak erabiltzen ditu, eta, aldi berean, eztabaidak sortu beharko lituzke (nahiz eta, irudiz, gure artean mirespena baino ez duela sortu), baina eredu gisa problematikoa da oso, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik eusteko zaila, hiri eta herritar sarearen benetako beharretatik urrun egoteaz gain.

Gehry arkitektura garaikidea ulertzeko funtsezko artista izan da, ez hainbeste erantzun unibertsalak emateagatik, baizik eta bere garaiko tentsioak izugarri ongi gorpuzteagatik, hau da, formaren eta funtzioaren, hiriaren eta ikuskizunaren, arkitekturaren eta markaren artekoak.

Azken hauek, ikuskizunak eta markak, haren eraikuntza lanen funtsa izaten dira, bada.

Ikuspegi orokor batetik, Frank Gehryren lana ikuskizunaren arkitektura deitu den horretan kokatzen da, kultura globalari, hiri-marketinari eta ikonoaren logikari estuki lotuta. Eraikinak, bai Bilbokoa, Walt Disney Concert Hall hura edo Fondation Louis Vuitton ere, irudi indartsuak dira, erraz ezagutzeko modukoak eta mediatikoki eraginkorrak.

Logika hori formula bihurtzen denean sortzen da arazoa. Gehryren proposamen askok keinu formal bera egiten duela dirudi (zatikatzea, bolumenak talka egitea, metalezko gainazal uhinak), lekua edozein dela ere. Hori dela eta, bere arkitekturaren autoerreferentzialtasuna da bere lanaren gakoa, estilo pertsonal bat finkatzeaz arduratzen baita, testuinguru kultural, sozial edo klimatiko bakoitzari modu espezifikoan erantzuteaz baino gehiago.

Bilboko Guggenheim Museoa (1997) XX. mende amaierako eraikinik eraginkorrenetako bihurtu da. Hirian hark eragindakoa eztabaidaezina da, alde batetik, Bilboko nazioarteko irudia eraldatu zuen eta, bestetik, "Guggenheim efektua" izenekoaren paradigma bihurtu zen, hau da, arkitektura ikoniko batek ekonomia eta turismoa biziberritzeko prozesuak katalizatzeko duen gaitasuna agerian utziz.

Dena den, ikuspegi kritiko batetik, eraikina eskultura-objektu autonomo gisa uler daiteke, testuinguru-arkitektura gisa baino gehiago, zentzu hertsian. Hiriarekin duen harremana batez ere bisuala eta sinbolikoa da, ez tipologikoa, ezta morfologikoa ere. Museoak ez du hiri-bilbea luzatzen, eta ez du inguruneko eskala tradizionalekin hitz egiten, aparteko pieza gisa sartzen da, ia estralurtarra. Horrek funtsezko galdera bat planteatzen du: 

- Hiria eraikitzen duen arkitekturaren aurrean gaude ala hiriari gainjartzen zaion tresna ikusgarri baten aurrean?

Formalki, titanioaren erabileragatik nabarmendu zaigu Guggenheim Bilbao museoa, material arin eta islatzailea, eraikinari izaera aldakorra ematen diona argiaren eta klimaren arabera. Arlo material eta teknologiko horrek arkitektura proiektatzeko ohiko moduak hautsi ditu.

Hala eta guztiz ere, birtuosismo horrek badu bere ifrentzua, zera, eraikuntza-kostu izugarriak, mantentze-lan konplexuak eta mendekotasun teknologiko handia. Gehryren arkitektura nekez errepika daiteke baliabide ekonomiko eta industrial handirik gabe, eta horrek iraunkortasun sozialaren edozein logikatik urruntzen du. Hala, bere eredua inspiratzailea da ikerketa formal gisa, baina ezdabaigarria paradigma hedagarri eta herritar gisa.

Zoritxarrez, arestian adierazi dudanaren ildotik, Gehryren ekarpenak eztabaida piztu behar bazuen ere (horixe baita bere balio handiena), Bilboko kasuan, eraikuntzaren eta mantentze-gastuen gain, kritikari jaramonik ez egiteko mendetasun politiko eta mediatikoa baino ez du ekarri.

Urdaibaien ez da gauza bera gertatu. Pozik egoteko modukoa da.

Search