0 comments

Poeten mundura egokitu beharra

Mundua galtzen ari den sentimendu hori da orain arazoa. Lehendik ere bazegoen sentsazio hori, baina artistak eta poetak zeukaten bakarrik, oraingo honetan, berriz, sentimendu kolektibo bihurtu zaigu. Honela mintzatu zuen Bruno Latour filosofoa bere azken liburuari buruz (Down to Earth: Politics in the New Climatic Regime, Polity Press, 2018 ).

Berriki Bidarteko Udalak galdeketa bat argitaratu du, eta, bertan, Covid-19ri lotutako krisia amaitzean kostaldeko herria nolakoa izatea nahi duten hausnartzeko eskatu die biztanleei. Bruno Latour soziologo, antropologo eta filosofoaren gogoeta galderetan oinarritzen da.

Latourrek zientzia-jarduera aztertuz eta, Ikerkuntza etnografiko baten emaitza gisa, La Jollan (Kalifornian) burututako azterketa “Bizitza laborategian” izeneko liburuan argitaratu zuen 1979an.

Pandemiei buruz ere idatzi du, 1984an “Les Microbes: Guerre Et Paix” kaleraratu zuen, Louis Pasteurren bizitzari eta obrari baita mikrobioen aurkikuntzari ere begirada berri bat eskainiz. Aurrerantzean bere liburuak, funtsean, teorikoak izan dira, baliagarriak oso, zientziaren eta munduaren arteko harremanei buruz gogoeta egiteko.

Horretan sakontzeko, bada, ezinbesteko bihurtu da “itzulpena”ren kontzeptu berriaz jabetzea.

Latourentzat itzulpengintzak ditu bere barnean, negoziazioak, intrigak, pertsuasio-ekintzak edota indarkeria ere, eta horiei esker lortzen du aktore batek beste aktoreak atxikitzea. Prozesu horrek hainbat fase ditu. Hala nola, prozesuaren lehen fasean, kontuan hartu behar da aktore batek bere helburuak alda ditzakeela beste aktoreari egokitzeko. Helburu orokorren aldaketa ere har dezakegu kontuan, baina, fase honetan, helburu berriak errazago eraikiko dituzten aktore-talde berriak sortzeko aukera ere azter dezakegu.

Kontuan hartu behar da, halaber, norberaren interesak eta helburuak berrantolatu ditzakegula ikerketaren bidean edozein zailtasun gainditzeko, eta, azkenik, hori bera prozesuan ezinbesteko tarteko urrats gisa har daitekeela.

 

Oro har, ikusi dugunez, kontuan hartzeko da, ildo beretik, itzulpen-prozesua bide agonikoa dela, amaierarik ez duena, bukaerarik gabeko ahalegina eskatzen duela, eta, azkenik, ez dela inoiz burutzen.

Beraz, hala epistemologiatik (zientziaren filosofiatik) nola politikatik ere (soziologikoki ikusita), munduan egoteko (bizitza eraldatzeko) garai bateko poeten jarrera (nahiezintasunaren sentimendua) ezinbesteko bihurtu zaigu dagoeneko egiteke daukagun pandemien bizimodu egokia erdiesteko. Itzulpengintzarik eta poesiarik gabe, bada, mundu berririk ez baita izango.

/
Latest posts
Latest comments