Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Porrontxoen poesia

Egun hauetan Logroñoko San Mateo jaiak mahats uztaren inguruan ospatu ohi dira. Harrigarria da festa horietako hamarkada bakar batean mahats-bilketaren hasiera ospatzetik haren amaiera gorestera igaro izana. Jakina da hori klima-aldaketak eragindako alboko kalteetako bat dela, baina, halere, hala ardoek nola jaiek bere horretan diraute.

Egiako Porrontxo jaiek, ordea, ez dute ez San Mateoren ez eta San Mielen aitzakiaren beharrik, beti abestu izan baitugu egiatarrok: «Es en Egia donde reina la alegría, es en Egia donde reina el buen humor, no pararemos ni de noche ni de día aunque lo mande el gobernador».

Jai herrikoi eta subirano hauetan tradizio bihurtu da jada Ardo Dastaketa Poetikoa egitea, kalejira alaian jaiaren hasiera ofiziala adierazten duen aldaparen jaitsierari hasiera eman baino lehen. Aurten Antipodetako ardoak probatu eta komentatu ditugu, batez ere Hegoafrikakoak. 

Horrekin batera, nolabait, Afrikako herrialde hori omentzeko modua ere hautatu dugu, izan ere, apartheid-aren aurka haien Estatu barrutik aritu ondoren, nazioarteko borroka juridikoaren banderari eutsi dio Hegoafrikak gaur egun, Israel Estatua eta haren buruzagiak Hagako Nazioarteko Auzitegian gaitzetsi ahal izateko. 

Kata Poetiko horretan azaldutako honako idazki hau partekatu nahi dut zurekin, irakurle hori, Diana Ferrus poetak idatzitako olerki hauxe alegia: 

«Nire eskuek mahasti hauek kimatu zituzten,/ nire oinutsek mahatsak tolarean presionatzen,/ Lurmutur eguzkiak beldurrak erretzen/ eta antzinako bidegabekeriak hondoratzen./ Mendez mende ardoz ordaindu ziguten izerdia/ begizta mingots batez ezkutatzen miraria,/ korrontearen atzean estaltzen gure ahalegina./ Baina egun mahatsak ez du kate hori gordetzen./ Gaur topa egingo dugu etorkizunari begiratzen./ Ardoak sendatzen du gure zigorraren memoria,/ mahats subiranoan sortzen den justizia da./ Eskubidez eta laborantzaz, kopa hau gurea da,/ patua iraultzen duen fruitu bedeinkatua da,/ edaten ditugu garaipena, bakea eta itxaropena,/ ardoaren odola eta ondasuna dena».

Poemak “Mahastia ehundu zuten eskuak” izena du eta, berez, gizarte-aldarrikapeneko olerkia da. Mahastia eta ardoa erabiltzen ditu langile beltzen historia kontatzeko eta honako norabide historikoa agertaratzeko: 1. Esklabotza-lana. 2. Esplotazioa. 3. Askatasuna. 4. Justizia. 5. Itxaropena. 

Ardoak, beraz, esanahi sinboliko sakona hartzen du honetan, lehen sufrimenduaren fruitua bazen ere, orain duintasunaren, justiziaren, bakearen eta garaipenaren fruitu bihurtu da. Poemaren ideia nagusia honela laburbil daiteke: iraganeko injustizia aitortuz eta gogoratuz, lanaren fruituak justiziaz eta duintasunez bizitzeko aukera gauzatu dezake. 

Gaur egun, poesia mota hori sortu da Hegoafrikako mahastietan benetako iraultza gertatzen ari baita. Ntsiki Biyela (Hegoafrikako lehen enologo emakumezkoa eta beltza) bezalako figurek narratiba aldatzea lortu dute. Haientzat, ardoa zapalkuntzaren sinbolo izatetik ospakizun, afrikar harrotasun eta adiskidetze gune izatera igaro da. 

Ekin diezaiogun jaietan bizitzaren dastatzeari, osasunez, pozkarioz eta ardo finez. Fini eta Topa! 

Search