Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Searching for Rodriguez

 

“Searching  for  Sugar Man” filmean Rodriguez, Detroiteko abeslariaren istorio izugarria kontatzen digute. Nonbait, Hegoafrikan oso ezaguna izan arren bere jaioterrian, AEBtan, ez zuen apenas inork ezagutu eta, beraz, itsasoz bi aldeetan bere arrakastaren maila zeharo ezberdina izan zen.

Abeslariak, Sugar hitzarekin kokaina adierazi nahi zuen eta Virgen Mariaren aldarriarekin, jakina, marihuana  ari zen aldarrikatzen. Hau guztia, apartheideko  Hegoafrikan, askatasunaren kantuak izan ziren hango eta orduko gazteriarentzat.

Horren zen zentsuratzaile eta autoritario garaiko giroa ezen  drogaren aipamena hutsa edota sexu erlazioez hitz egiten zuen abestia egoera itogarri horren aurkako jarreran konplizitateak azalarazten zituela.  Horregatik zabaldu ziren haren kantak eta bere legenda progresisten artean, nahiz eta Rodriguez zein ote zen ezagutu ez.

Urteak pasa, urteak etorri, eta sasoi haietan gazte izandako batzuk aipatu Rodriguezen bila hasi ziren…baita aurkitu ere, alajaina!

Ez dizuet ezer gehiago kontatuko filmari buruzko jakinmina ez zapuztearren, izan ere, zinez, dokumentala ikusteak merezi baitu baina, badago istorio honetan gogoetarako eman didan hausnarketa bat, orain, jarraian, zuekin partekatu nahi dudana.

Alegia, apartheideko  Hegoafrika hartako gazte zuriek beraiek ere zapalduta zeudela onartu arren ez zirela gauza izan askatasunaren alde borrokatzeko nabarmentzen zuten.

Hau da, askeak izan nahi zuten baina egoera  aldatzeko bideari ekiteko ezinduak zeuden. Aparteheiden kontrako borrokak, ordea,  ireki zuen kultur askatasunaren atea baina, horretan, orduko gazte zuriek ez zuten parte handirik hartu.

Eta honen harira, nago, ez dela espainiar  herriaren askatasunarentzat  ezer hobeagorik izango Euskal Herriko independentzia baino zeren horrek mugitu duenak Espainian aspalditik trabatutako  giro politiko ustela ere askatuko duelakoan naukazue.

Ildo beretik, eta Martxoaren 8ko atarian,  gizonok nekez aldatzerik daukagun patriarkatuaz borroka feministak askatuko gaituelakoan  nago.

 Searching  for  Sugar woman, beraz.

F.Rodriguez.

Search