0 comments

Txillardegik laurogeita hamar urte

 

beteko zituen gaur, Gudari egunean, eta Euskal Herriaren aldeko borrokan funtsezko ekarpenak egin baditu ere oroimen partekatuan oraindik ez dago onartua eta, beraz, haren oroitzapena diskriminatua segitzen du.

Txillardegi etxean zegoen tokian, Donostiako Antiguan, Gaskuña plaza jartzen du eta bertan herri ekimenari esker margotutako irudiaz salbu Donostiako udalak ez du oroigarririk baimendu. Aitzitik, inoiz toki izenaren jatorria eta idazlea gogorazteko ezarritako argibideak udalak berak ezabatu ditu.

Zorionez, aurten, Txirain elkarteak kantu festa antolatu du bertan Imanol abeslaria gogora ekartzeko eta hura zabaltzeko Txillardegi enparantzan egingo dutela iragarri dute, bejondeiela.

Diskriminaziorik gabeko memoria behar dugu. Imanol eta Txillardegi oso ezberdinak izan arren pentsaeran eta jardunean euskaldunon oroimenean behar ditugu inolako bazterkeriarik gabe.

Horregatik aipatu toki horretan berriro jarri dugu “Txillardegi Plaza” plaka udalak kendu bitartean.

Txillardegik merezitako gorazarreak ez dituelako, idazle moduan ezagutu genuenean, eleberri existentzialistei esker, aurten berrogeita hamar urte Elsa Seelen argitaratu zuela, aitzindari agertu zitzaigun, euskal literaturari bide berriak zabalduz, bai lehenengo emakumezko protagonista ezarri, bai trataera linguistikoan, baita euskara motan, baturako arrastoan eskainiz.

Txillardegi abertzale sozialista librea izan da, ez dogmatikoa baina, batik bat, bere obra nagusia, euskara batua izan da. Denona eta inorena ez den altxorra.

Gure oroimen kolektiboan behar dugu eta, jakina, Gudari egunean, bere laurogeita hamar urtemugan, hau dena aldarrikatzen jarraituko dugu.

/
Latest posts
Latest comments