Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Etena

Baten bati aditu nion −preso politiko ohiren bati, seguru asko− mundu guztiak pasa beharko lukeela bolada bat kartzelan; aste batzuk, hilabete batzuk, bederen. Ez zuen esan, nik uste, mina sozializatzea bilatzen zuelako. Eguneroko bizitzan askori oharkabean pasatzen zaizkion gauza txiki baina oinarrizkoen garrantziaz jabetzeko ariketa komenigarri gisa proposatzen zuela esango nuke. Lotarako koltxoi garbi samar bat, komun eta dutxa garbi bat, aurpegi ezagun bat, giro abegikor bat, arropa zarpailduko ez dizun garbigailu bat, musika nahieran entzuteko modua, noizean behin ostertzari begira egoteko aukera... horiek guztiek zein garrantzia duten ez dugu beti argi izaten. Galtzen ditugun arte. Eta, horiek galduta, norberaren mugak ezagutu eta gainditzeko unea iristen zaigu. Eta harritu egiten gaitu errealitate berri gordinera egokitzeko daukagun gaitasunak. Geure burua muturreko egoerara eraman eta egoera horretatik ateratzeko egin beharreko ariketari osasungarria zeritzon psikologo afizionatu terapia gogorren zaleak.

«Konfort-zona»-tik ateratzeko ariketa egiteko badaude moduak, hala ere, kartzelatik pasatu behar izan gabe. Garai batean ohikoa zen, adibidez, motxila hartu eta India edo Nepal aldera bidaiatzea eta izpiritua eta gorputza bat egiten saiatzea. Ariketa zaila eta gogorra izan zitekeen hori, eta drogak eta yogak lagunduta egin behar izaten zuen askok. Emaitzak ez ziren beti espero bezalakoak, baina etxeratzea hare krishna bihurtu gabe lortzen zuenak estimatzen zuen eguneroko oinarrizko gauza txikiek eskaintzen duten ziurtasuna. Normaltasuna.

Normaltasuna modu bortitzean eteteak markaren bat utz badezake ere, bakoitza bere erritmoan, denak −edo ia denak− egokitzen dira egunerokotasunera atzera: preso atera berria ohitzen da autoaren leihotik abiada bizian mugitzen ikusten duen hodeiertzera; yogi berriak paratzen ditu oinak lurrean. Normalean bere horretan segitzen baitu munduak eguneroko gauza txikietan: normal edo ia normal. Normalean. Ez beti.

Search