Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Euskadi sekularra

Euskal alkate eta zinegotzi asko, ezkerreko nahiz eskuineko, prozesioan ikusten dut. Ez dute herria behar bezala ordezkatzen.

Udal igerilekuari buruzko araudiak eztabaida handia ekarri du Grenoblen. Bainurako erabil daitekeen jantziari buruz Éric Piolle alkate ekologistak bultzatutako neurriak ekarri du oraingoan Errepublikaren balio laikoen eta askotariko kultur eta erlijio-identitateak dituen gizartearen arteko talka.

Hemendik aurrera emakumeek nahieran egin dezakete igeri Grenobleko udal igerilekuan; burkinia jantzita edo titi-bistan ere bai. Eta gizonezkoek ere eraman ahal izango dute galtza motzen moduko bainujantzia, eta ez soilik slipa. Alkateak doi-doi lortu du udal batzarraren oniritzia: 29 boto alde, 27 kontra, eta bi abstentzio. Europe Ecologie-Les Verts alderdia desmarkatu egin da eta Auvergne-Rhône-Alpes eskualdeko buruzagi eskuindarrak Grenobleri diru funtsak murriztuko dizkiola iragarri du. Garai batean, balio sekularrak ezkerrarekin lotzen ziren, eta eskuindarrek egiten zuten ikur eta moral erlijiosoaren alde. Orain ez dago horren argi. Laikotasunak estatuak eta erakunde publikoek erlijiorik ez bultzatzea eskatzen du; baina ez du zertan ekarri inori kalterik egiten ez dioten kultur edo erlijio agerpen indibidualen debekurik. Nori egiten dio kalte emakumeek burkinia erabiltzea? Nori titi-bistan aritzea? Nork izendatu du slipa gizonezkoen bainujantzi laiko bakarra?

Ez dakit zehazki gure udal igerilekuetako arauak zeintzuk diren, baina bainujantzi mota asko ikusten da (luzea, motza, likrazkoa, oihalezkoa, neoprenozkoa...) eta igeri-tramankulu ugari (aletak, eskuetarako paletak, antiojoak, belarrietarako tapoiak, normalak nahiz neurrira egindakoak, eta mila koloretako txanoak). Baina ez da burkinirik edo top-lessik ikusten. Esango nuke gure hondartzetan gero eta emakume gutxiago ikusten dela bularrak agerian. Eta burkinia jantzita ez dut inor ikusi. Bitartean, euskal alkate eta zinegotzi asko, ezkerreko nahiz eskuineko, prozesioan ikusten dut "Alkate soinua" jotzen doan Hamelingo txistulariaren atzetik. Ez dute herria behar bezala ordezkatzen. Hobetsi egiten dute erlijio bat besteen kaltetan. Hau ez da, ez, gure ametsetako Euskadi sekularra.

Search