Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Hautsontzia burura

Nork ibiliko ditu ahotan, aldiz, Kripkeren «argudio modala» edo «designatzaile zurrun eta ez-zurrunak» filosofia-zentro serio batetik kanpo?

Ez da estudio enpiriko baten emaitza, edo erregulartasun estatistiko egiaztatua. Ez da a priori ezagungarria den gertakaria ere, jakina. Baina printzipio orokor baten gisan aurkez daiteke: filosofo bat iritzi publikoarentzat gero eta ezagunagoa izan, orduan eta txarrago filosofo gisa. Alderantzizkoa ez da egiazkoa, ordea. Filosofo bat, gero eta txarragoa izan, ez da horregatik ezagunago. Bada kolpe zorrik jotzen ez duen hainbat, sekula ezer idatzi ez, eta inor gutxik ezagutzen duena, jasaten duten ikasleez eta soziedadeko lagunez aparte.

Har ditzagun, ausaz, bi filosofo, garaiaz gain, deituraren lehen letra partekatzen dutenak: K letra, demagun. Googlen bilaketa azkar bat eginda, berehala agertuko zaizkigu Thomas Kuhn eta Saul Kripke. Apustu egingo nuke zutabe honen irakurleok, bat ezagutzekotan, Kuhn ezagutzen duzuela gehienek. Beren itzalak neurtzeko, batak eta besteak filosofiari ekarritako termino eta kontzeptuen ezagutza orokorra izan daiteke baleko irizpide bat. Edo batak eta besteak idatzitako liburu arrakastatsuenen salmenta-kopuruak.

Terminoei dagokienez, nork ez ditu entzun Kuhnen «zientzia-iraultza» «paradigma aldaketa» edo «paradigmen arteko alderaezintasuna»? Ez ninduke harrituko politikari bihurtutako Madrilgo politika-irakasle ohien ahotan ibiltzea beren hauteskunde-kanpainetan. Nork ibiliko ditu ahotan, aldiz, Kripkeren «argudio modala» edo «designatzaile zurrun eta ez-zurrunak» filosofia-zentro serio batetik kanpo?

Errol Morrisek orain dela hamar urte “The New York Times”-en idatzitako artikulu sorta baten emandako datuen arabera, Kuhnen “The Structure of Scientific Revolutions”-ek  milioitik gora ale salduak zeuzkan orduan. Kripkeren “Naming and Necessity”-k 43.000.

1972an Kuhnek Kripkeren mintegira ez joateko agindu zion Morris ikasleari Princetonen. Eta, eztabaidan, hautsontzia bota zion burura gero, argudio hoberik ezean. Gero eta argudio gutxiago, orduan eta entzutetsuago, filosofiatik kanpo. Hauxe dun hauxe gure destinu petrala. Abizenaren lehen letra K dugunona, eta beste guztiena.

Search