Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Izen aukerak

Orain pare bat urte, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka indartu zenean, mendebaldeko hainbat komunikabidek, esplikazio handirik gabe, Kyiv esaten hasi zitzaizkion ordura arte Kiev esaten zioten hiriari. Errusiaren aurkako eta Ukrainaren aldeko posizio politikoa markatzen zuten horrela, eta bere ildoari segitzen ez ziotenak Errusia zaletzat markatzen saiatu. Ez dakit esaten lortu duten ala ez. 

Palestinarrek Bayt-al-Maqdis edo, batez ere, al-Quds al-Sharif esaten diote arabieraz bere hiriburuari. Hiri horri Yerushalaim esaten zaio hebreeraz, “bakearen hiria” esan nahi duen aramerako deskripziotik ekarria, antza (harrapazank!). Esan gabe doa aukera horietatik zeini lotu zaion euskara. Hizkuntza ahaidetasunari dagokionez, isolatua izango da, baina argi dago zeri eta nori lotutakoa izan den euskarazko tradizio kulturala. Ez da sumatu, sumatu ez denez, posizio politikoa markatzeko aldaketa nominatiborik “mendebaldeko” komunikabideen artean. Euskarazkoetan ere ez.

Hebreeratik arabierara itzultzean Urshalim gisa ere ekartzen da. Israelgo dokumentu ofizial guztietan (eta Israelgo irratien arabierako emanaldietan) Urshalim/al-Quds agertzen da, eta telebistako arabierazko eguraldi saioetan Urshalim esaten diote soilik (edo esaten zioten orain urte batzuk; azken aldiko berririk ez daukat); hemen komunikabide espainiarrek Donostiari San Sebastián soilik esaten dioten moduan, edo Donostia/San Sebastián testu ofizialetan. Edo konparazio zehatzagoa egiteko, Done Sebastian/Donostia edo Done Sebastian soilik esango liokete espainiar edo frantziar komunikabideek (eta testu ofizialek), inoiz euskaraz egingo balute.

Laster Donostiako Zinemaldiak SSIFF gisa aurkeztuko dio bere burua munduari, beste behin. Aspaldi irakatsi zigun EHEk, trafiko seinaleetatik hasita, herrien eta hirien izen aukerak hautu politikoen isla direla. Hemen, Ukrainan, Errusian nahiz Palestinan. Agian horrexegatik ezabatuko zion EAEko unibertsitate publikoak UPV bere markari: norabide egokian posizioa markatzeko. Baina oker egon ninteke, jakina.

Search