Ez dakit lehen eta bigarren hezkuntzan ze historia irakasten den orain. Esango nuke, hala ere, desberdina dela EAEn, Nafarroa Garaian edo Iparraldean irakasten dena; desberdina dela ikastolan, eskola publikoan edo erlijiosoan. Gogoan dut ikastolako irakasleek bereak eta bi egin zituztela gurean, taxuzko euskaraz, taxuzko historia irakasteko.
Munduko historiaren kontakizunak bazeukan hainbat hutsune inportante, ordea. Guri behintzat oso gutxi irakatsi ziguten XX. mendeko bi gerra handienei buruz. Telebistak eta zinemak eman ziguten horien berri. Ezer gutxi ikasi genuen, beraz. Ezer gutxi Europako herrien historiari buruz. AEBko historia gehiago sartu ziguten buruan konparazioan. Ia ezer ez Afrika eta Asiarenaz. AEBk Japoniari II. Mundu Gerran irabazitako irla batzuei buruzko axaleko bertsio batzuk; ezer gutxi gehiago. Nobela batek ekarri dit, beste behin, eskolak eman ez zidana. "We don’t part" (Ez gara banantzen edo Ez dugu banatzen, edo biak batera, ez dakit) Han Kangen nobelak eman dit sekula entzun gabeko matxinada baten eta ondoko hilkintzaren –hilkintzen– berri.
Koreako penintsularen hegoaldera dago Jeju uhartea. 1948ko apirilaren 3an Jejuko Herri Batzordeak matxinada armatua bultzatu zuen korear batasunaren alde, eta AEBen mandatupeko Syngman Rheek deitutako hauteskundeen kontra. Rheek, komunismoaren aurkako borroka aitzakia hartuta, 3.000 polizia eta militar bidali zituen irlara. 10.000 jejutar atxilotu zituzten; 30.000etik gora hil (populazioaren %10 edo gehiago); 40.000k egin zuten ihes –Japoniako Osakara asko–; irlako 400 herri eta herrixketatik 230 kiskali eta birrindu zituzten. Horiek dira “Jejuko sarraskiaren” zenbaki izugarriak. Bere agindupeko penintsularen zatira zabaldu zuen Rheek hilketa masiboa gero, “Bodo Ligaren sarraskian”: 200.000 eta 300.000 artean kokatzen dute hildakoen kopurua. 2001 arte legez kanpokoa zen Hego Korean sarraskioz hitz egitea bera. Baina korearrek ez dituzte ahaztu; eta, Kangen idazketaren bidez, historia unibertsalean dituzte txertatu.
