Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Marcelo eta Mortadelo

Zenbat diru gastatzen du EHUk ikerketa zientifiko eta filosofikoan, eta zenbat, irakasle, ikertzaile, langile eta ikasleen espioitzan?

Autoa aparkatzen laguntzeko Marcelo aingerua omen zeukan Espainiako Barne Ministro Fernandez Diezek. Euskal eta katalan abertzaleak, edo Ahal Duguko eta Cadizko marxistak espiatzeko, aldiz, Martinez estatu idazkaria. Horrek Garcia Castaño "El Gordo" polizia komisarioa zuen informatzaile nagusi. Eta El Gordok, EHUko segurtasun burua informatzaile berezi. Ez dut horren izenik edo ezizenik aurkitu. "Mortadelo" esan diezaiokegu behin-behinean. Ez dakigu Poliziak EHUn infiltratua ote zeukan. Agente bikoitza zen, akaso. Auskalo.

Kitchen sumarioko paperetan agertzen omen da: Arabako hauteskunde zerrendetan agertzen zen EHUko irakasle baten berri ematen dio Mortadelok El Gordori, eta horrek Martinezi. Ez dago oso garbi azkenean irakaslea Ahal Dugukoa zen edo Bildukoa, edo biak batera. Askapenako agiri bat sinatu zuela eta Tarajaleko sarraskiaren salaketan forentse gisa jardun zuela, hori bai. «Botere politiko handia» zeukala ere esan omen zion katedradun batek Mortadelori.

EHU ikerketa zentrorik handiena eta produktiboena dela entzuten genuenean, beste ikerketa mota batez ari zirela uste genuen. Ikerketa Arloko Zerbitzua ez ahal da izango Mortadelok gidatutako inteligentzia (ez adimen) zerbitzua? Serio: zenbat diru gastatzen du EHUk ikerketa zientifiko eta filosofikoan, eta zenbat, irakasle, ikertzaile, langile eta ikasleen espioitzan? Erraza da erantzuna: gutxiegi, batean; bestean, gehiegi.

Gizarte polizial bateko unibertsitate polizial batean bizi gara. Ertzaintza noiznahi sartzen da campusetan; kamara, zaindari eta Pentagonoan baino segurtasun kontrol gehiago dago. Hori bagenekien. Langileok espiatu eta guri buruzko informazioa Poliziari (musu truk?) ematen zion (dion?) segurtasun burua geneukala (daukagula?), ez. Makina bat agiri sinatu dut, eta bulegoko hormetan kartel, bandera, bufanda, eta postal ugari daukat: presoen aldekoak, Katalunia, Txina eta Sobiet Batasunekoak, edo Che Guevara, Obama eta Ordizia Rugbyrenak, besteak beste. Mortadelok-eta jakingo dute hori dena. Orain zuek ere badakizue. Ikerketarik gabe. Debalde.

Search