Marraztua dago eta lurralde bakoitzeko datu asko eskaintzen ditu: azalera, hizkuntzak, moneta… Hain ohikoak ez diren beste datu batzuk ere baditu: jaki ezagunenak, ohiturak… Egiari zor, kasu batzuetan topiko edota orokorkerietan erortzen da eta mapa jakin batzuetan ikusi nahiko genituzkeen datu eta berezitasun batzuk falta zaizkio, baina Olentzerok Gabonetan ekarri digun atlasari begira denboratxoa egin dugu oporraldi honetan.
Halako bildumek ematen dute bizi dugun lekua eta mundua ulertzeko aukera, harekin dugun harremana ezagutzeko eta, antza, umetan espazioaren kontzientzia hartzeko ere balio dute. Sari hainbat jasoagatik, esku artean dugun munduko atlas honen azken edizio izango da, ordea; ez dute berririk argiratuko eta horrek eman dio, guretzat behintzat, balio berezia. Ez dakigu ziur, baina, paperezko orrietan baino, sarean jakin-mina asetzen ohitu garelako izan daitekeela pentsatu dugu, une oro batean eta bestean kokatuak gauden honetan, mundua modu “dibertigarrian” ezagutzeko proposamen asko topa daitezkeelako Interneten, askorik nabigatu gabe.
Ukitu daitekeen paperezko bilduma baten bidez edo ez, galderak erantzun eta, batez ere, galdera berriak sortzeko aukera ematen dute mapek eta gurea ilustratua bada ere, marrak zeinen distortsionatuak izan daitezkeen ulertzeko okasioa ematen dute, horregatik egin dizkiogu moldaketatxo batzuk gureari, begirada eta ikuspuntua garrantzitsuak direlako. Ugariak dira historian zehar egin diren mapen inguruan ikuspegi kritikoa erakutsi duten lanak, alderaketa saiakerak, ezkutatzen duten hori salatu dutenak, mapen atzean dauden botere harremanak salatu dituztenak… Erakusten dutena eta erakusten ez dutena biak direlako garrantzitsuak. Eta hausnarketa horiek buruan hartuta, gure liburuan marraztuak dauden lurralde arteko marrak zeinen gogorrak diren batzuetan eta zeinen hauskorrak beste batzuetan ohartu gara; lehendik arrastaka dakartzagun gatazkak eta urte berriarekin batera lehertu direnak ikusi baino ez dago.
