Buru-osasunaren astea ospatu da azken egunetan Europan eta, bai, pentsatuko duzuenez, covid-19aren bueltan egin dira hausnarketa nagusiak, birusaren atzaparretan katramilatu gabeko gairik ez dagoelako, eta hau gutxiago. Azken urte pasatxoan bizi dugun egoerak, izan ere, asko eta modu ugaritan eragin dio osasunari eta, noski, baita buruarenari. Etxean konfinatu gintuztenean haurren ongizateari erreparatu zitzaion lehenik; bakarrik bizi ziren adinekoei ondoren, eta atzetik, bateko eta besteko mugak eta beldurrak kaltetutako guztiei, ekonomiak zehaztutako sailkapen maltzurrean.
“Orain, inoiz baino gehiago, axola du gure buru osasunak” lelopean egin da aipatu astearen ospakizuna. Guztiz ados, azken denboran, osasun arloko profesionalek nabarmendu dute-eta erruz ari direla errezetatzen antsietateari eta depresioari aurre egiten laguntzen duten botikak; itsu-itsuan sarri, buru-osasunaz dakiten pertsonen kontsulta zapaldu gabe nahi baino gehiagotan. Zaharrak berri, lehendik ere ondo ahuldua zegoen zerbitzua zen eta pagatzeko modua zuenak osasun-sare publikotik at lanean ari diren profesionalengana jotzen zuen maila handi batean; egunerokoan sortutako korapiloak askatzeko aukerarik ez zen bestela. Egoerak, ikerketen arabera, gehiago eragin die emakumeei, maila ekonomikoan ziurgabetasun gehiago eta egunerokoan kontziliaziorako zailtasun handiagoak izan dituztelako eta, besteak beste, gaixotasuna azaleratzeko modu desberdinak izan eta haiei erreparatu gabe, eritasunaren ondorioak luzeago bizi dituztelako. Horretan ere, zaharrak berri, beraz.
Sentsazioa daukat krisi honek primerako argazkia atera digula, mahai gainekoak eta, lotsagatik, azpian gordetako horiek ere agerian utzi dituen froga grafikoa. Lehenesten diren jarduera, taldeak eta pertsonak erakutsi ditu; mugak eta ahuleziak bistaratu, berriak batzuk eta, errotuta daudelako, ia-ia natural sentitzen ditugunak beste batzuk. Eta argazki horri ia erreparatu gabe abiatu nahi dugu, batzuentzat besteentzat baino gustagarriagoa den normaltasun horretarako bidea.
Argazkia
Sentsazioa daukat krisi honek primerako argazkia atera digula, mahai gainekoak eta, lotsagatik, azpian gordetako horiek ere agerian utzi dituen froga grafikoa
