Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Balioak

Paper zuria hartu eta hasi gara marrazten ia ezinezkoa den sarea; ordutegi eta nahi asko josi beharra daude: lan eta eskola orduak, haurren eskolaz kanpoko jarduerak, norbere zaintzarako denborak… mataza sortzen ari zaigu eta beste etxe batzuetan osatzen ari diren sareekin ea josteko modua dugun ahaleginetan gabiltza.

Oroitzapen asko ditut eskolaz kanpoko jarduerez, batez ere kirolaz: entrenamenduetako barreak, larriak, oraindik ere gogoan ditugun pasadizo eta xelebrekeria ugari… atletismoan apaltzen genituen orduan eskola orduetan ikasmahaian eserita sortzen zitzaigun egonezina. Aukera are eta murritzagoa zen orduan, eta nesken kasuan herrian eta talde kirolean aritzekoa gurean, behintzat, ia ezinezkoa. Urte batzuk pasatu dira eta, aldeak oraindik guztiz apaldu ez badira ere, kirola egin nahi duten neska-mutilek aukera gehiago dute, pagatzeko modua baldin badago behintzat. Hori beste kontu bat da.

Osasunean onurak dakartza, kirolak pertsona gisa garatzeko duen gaitasunak pareko garrantzia dauka. Kirolak nork bere burua eta ondokoena ezagutzeko aukera ematen du, lagunak egitekoa, dibertitzekoa, ezinei aurre egiten ikastekoa, hitz egin eta adostekoa, haserretuagatik adiskidetzekoa, talde sentitzekoa… zuzenean kirolari lotzen ez dizkiogun hainbat balio transmititzekoa ere bai, eta eskolaz kanpo euskaraz aritzeko tarte handirik ez dutenei, jolasean mintzatzeko egokiera. Baina, horretarako, balioan jarri eta behar bezala bideratu behar da, guraso, talde zein entrenatzaileak bat eginda eta, hain justu, kirolari ezagutzen dizkiogun balio horiek guk geuk lehenetsita. Ukatu egiten dugu, lotsatzeko modukoak direlako, sortzen ditugun nahi eta bultzatzen ditugun jarrerak, baina gehitxotan jartzen dugu fokua emaitzan eta ez heziketan, eta gaiaren inguruan egin diren ikerketek baieztatu dute haur askok kirolean bizitzen duten babes gabezia. Prestaketa behar dugu, edo, beharbada, hausnarketa, zer, nola eta, batik bat, zertarako pentsatzeko eta pilotakada, pase, lasterraldi edo dena delakoaren bidez transmititzeko.

Search