Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Bokazioak eta bideak

Emakumezko ikertzaileen artean ugariagoak dira kontratu prekarioak; akademiako goi mailan duten ehunekoa urriagoa da eta katedratikoen artean %26 baino ez dira

Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna da etzi. 2015eko abenduan onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egun izendatzea eta 2016ko otsailaren 11n ospatu zen estreinakoz. Ordurako, hainbat unibertsitatetako departamentuetan, ordea, ehunka eta ehunka ikerketek eta ekimenek argia ikusia zuten, emakumeek zientzia eremuan dituzten zailtasun eta berezitasunak azaleratzeko. 1965. urtean Alice Rossi soziologoak, emakumeek zientzian duten parte hartzea aztertzeko ikerketaren abiapuntu gisa, “zergatik hain gutxi?” galdetu zuen. Mende erdi baino gehiago igaro da ordutik eta emakumeek aurrerapen handiak egin dituzte ikasketa sarbidean eta ikerketa egitura ofizialetan, ikertzen betidanik arituak baitira.

Azken datuei erreparatuta, emakumezkoak gehiago dira gradu ikasketak abiatzen dituzten ikasleen artean eta baita haiek amaitzea lortzen dutenen artean ere, diziplinen artean aldeak dauden arren. Pareko portzentajea dute doktoratuetan, baina handik aurrera etena agerian jartzen da eta nabarmen egiten da ibilbide akademikoko  kargu gorenei erreparatzen bazaie. Gure mugetatik kanpo egoera ez da oso bestelakoa. Europar Batzordeak argitaratutako azken datuen arabera, badira jakintza eremu desberdinen artean gauzatzen diren bereizketak, baina deigarriagoak dira, agian, ibilbide akademikoan aurrera egiteko aukerei lotutakoak. Datuak labur eta gordin botata, emakumezko ikertzaileen artean ugariagoak dira kontratu prekarioak; akademiako goi mailan duten ehunekoa urriagoa da eta katedratikoen artean %26 baino ez dira. Honek, noski, norbanakoen bizimoduan eragina du, baina baita sortzen den zientzian ere, erabakiak hartzen diren eremuetan azpierrepresentatuak daudelako.

Beraz, neskatiletan arreta jartzea eta bokazioak eta etorkizuneko niak genero baldintzapenik gabe garatu ditzaten lan egitea beharrezkoa da, noski; baina, beharbada, jadanik lanean ari diren ikertzaileen ibilbidea aukera berdintasunean bermatzea ere badagokigu. Horretarako, ordea, ezagutzaren sorkuntzaren oinarriak eta zutabeak ezbaian jarri eta astindu behar dira.

Search