Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Ebidentziak

Agian zalantzan jarri beharko litzateke ezagutzen zaien balioa, josturak aztertu, baina osperik ezin zaie ukatu. Udazkena abiatu eta urria hasi bezain laster, aste batez zientziaren eremu batzuetako ikertzaileak eta luze zabaleko komunikabideak eguerdia jotzear dagoenean Suediatik mundura zabaltzen duten iragarpenaren zain izaten dira. Nobel saria jaso ondotik, zientzialariek egindako ibilbidearen eta egin duten ekarpenaren inguruko artikulu zabalak argitaratzen dira, elkarrizketak egiten zaizkie, profilak argitaratu… Gutxi batzuek eskuratzen duten elite horretan kokatzen dira. Aurten, tamalez, ez da emakumerik zientzietako kategorietan eta ez da salbuespenezko kasua, edizio hainbatetan gertatu baita gauza bera. Sariak banatzen hasi zirenetik, 935 gizonek eta 70 emakumek jaso dute errekonozimendu hori, baina soilik 40k zientziaren eremuan: hamalauk fisiologia eta medikuntzan, zortzik kimikan, bostek fisikan eta hiruk ekonomian.

Saria jasotzeko ekarpena egin behar da eta hori egina dute makina bat emakumezko zientzialarik; lana egiteaz gainera, sareak josi behar dituzte eta horretan ere aritzen dira, mugatuago agian. Baina sarituak izateko proposatuak izan behar dute eta agian hor langa handiagoa da, sare informalek ere zeresan handia dutelako. Kuotak ezartzea ez da begi onez ikusten, horrek ustez «merituetan soilik» erreparatzen duten sari hauek ezbaian jar ditzakeela argudiatu izan dute, ekarpen horien neurria guztiz objektiboa balitz bezala.

Panorama horretan, saiatuko gara berriz ere neskak «zientzia gogorretara» erakartzen, euren ekarpena ezinbestekoa dela esaten, kanpainak egiten, makina bat zailtasun eta oztopori aurre egin dieten emakumezkoak eredu gisa jartzen, saiatuz gero aukera berdinak izango dituztela ikasgeletan errepikatzen eta bai, jarraitu beharko da, baina, era berean, zientziaz, ustezko neutraltasunaz, haren antolaketa ereduaz, «merituetan» oinarritutako ibilbideaz, sarien izaeraz, justiziaz… beste hainbat kontu ere landu beharko dira, banatu berri diren sarien argazkiaren argi eta ilunak itsutu ez gaitzan.

Search