Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Edonon

Euskarak hiztunak behar dituelako, baita tokiak eta eremuak, plazak. Balio du erosketak egiteko, haserretzeko, broman aritzeko, lan egiteko… eta, noski, ikertzeko.

Dozena bat egun. Hasi zen eta ia oharkabean ari da bukatzen. Paparrean erantsi nuen lehenik, berokian, baina izan dira egunak hotzetik hasi eta asko epeldu direnak eta, jaka aldatu eta ahaztuko nuelakoan, motxilan zintzilikatuta ibili dut. Bizkarrean txapa, baina euskara parez parekoan. Amaren sabelean seguruenik estreinakoz, sehaska kantuen bidez ondoren… derrigor hartu nuen euskara, etxean ez zen eta ez genuen nahi beste aukerarik eta harekin hasi nintzen pentsatzen, bizitzen eta sentitzen; hark emandako erremintekin.

Ohartzen naiz gurean erraza izan zela, aukerarik eta aparteko ahaleginik gabekoa ia. Errealitateak, ordea, desberdinak dira, eta miresten ditut horregatik zailtasunak zailtasun euskaraz egiteko eta pentsatzeko ahalegina egiten dutenak, han eta hemen, edonon. Euskarak hiztunak behar dituelako, baita tokiak eta eremuak, plazak. Balio du erosketak egiteko, haserretzeko, broman aritzeko, lan egiteko… eta, noski, ikertzeko.

Zientziak munduratu egin behar du ezinbestean eta badirudi euskaraz egiten dena herren abiatzen dela. Ingelesa da zientzia eremuetan abiadura azkarrean mugitzeko tresna eta, horregatik, oraindik ere zenbait eremutan harriduraz begiratzen zaio euskaraz lan eta ikertzeko determinazioa duen horri.

Onartu behar da euskara hutsean ezin dela aritu, ezagutzari gehitu nahi diozun ale hori zabaldu nahi bada, baina bai euskaraz ere. Aurretik zientzia guretik egin zitekeela esan eta bidea zabaldu zuten horiei zor diegu eskerra, besteak beste, gure hizkuntzan ikasi ahal izateko baliabideak sortu zituztelako, eta nik ez dut ikerketa euskaraz egitea baino modu hoberik topatzen ordainetan emateko. Etorriko direnei ere zor diegu ahalegina, gure hizkuntza gai berrietara lotu behar dugu, moldatu, aberastu, egokitu… entzun dezaten eta egiten jarrai dezaten, izan han edo hemen. Sehaskan dauden nahiz lehen pausoak ematen ari diren haurrei abesteko kantu ederrak sortu dira, baina baita arlo zehatzetan zuzentasun eta zehaztasun osoz aritzeko hiztegi tekniko eta, nahi bada, zientifiko aberatsa, liburuetan pausatzeko eta baita ahoz aho salto egiteko.

Search