Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Elkarri mokoka

Bizi Berri plan berria argitaratu dutenetik, gertu baina urruti sentitzen garenok zenbakiei begiratzen diegu, lurralde arteko joan-etorria haien baitan baimenduko delako

Bizilekuz aldatzeko asmoa nuela esan eta aldaketak larria eragiten zidala aitortutakoan, handik etxera bueltan neukan distantzia neurtu eta 40 minutuan bisitan joateko modua izango duela gogorarazi zidan batek baino gehiagok lasaitze aldera, huskeria, alegia. Oraindik trasteak eta bizitza bera kartoizko kaxetan bildu gabe genuela iritsi zen etxeratzea, bazirudien jaioterriaz okituta amaitzea nahi zuela pandemiak. Baina uda etorri zen, ia erabat askatu gintuzten eta etxea bizkarrean hartu eta mugitu ginen, 40 minutu eskasera.

Urte eskasa izan da gauza askotarako, baita bizilekuz aldatzeko ere, hartzen zaituen herria fundamentuz eta sakon ezagutzeko aukera mugatua delako. Ez dakit nolakoa izango den egunero zapaltzen dudan plazaren benetako bizitza, herriak inguruan dituen paraje ederretako asko ezin izan ditut ia bisitatu eta kalean agurtzen ditudan pertsona askok ez dakit zer-nolako aurpegia duten. Imajinatu ditzaket eta imajinatzen ditut, baina onartu beharra daukat batekin baino gehiagorekin hartu dudala sorpresa zerbait jan edo edateko musukoa lepora jaitsi dutenean.

Atzean utzitakoaz apurka-apurka askatzeko aukerarik ere ez dut izan. Ostikoa eman eta kanporatua izan denaren sentsazioa ere sortzen zait batzuetan, 40 minutu eskaera zegoena eta han utzitakoak debekatu zaizkigulako. Bizi Berri plan berria argitaratu dutenetik, gertu baina urruti sentitzen garenok zenbakiei begiratzen diegu, lurralde arteko joan-etorria haien baitan baimenduko delako.

Eta imajinatzen ditut, zenbakiei eta arau-hausteen inguruko albisteei begira, egoera berean dauden asko edota kalerik gabe geratu diren pertsona zaurgarriagoak; edota, beldurrak jota, erabat helduta sentitzen direnak; eta, mugatu dituztelako, lotuta sentitzen diren gazteak... Eta haien gorabeheran, asko arauei eta beldurrei zirrikitua nola bilatuko eta, aldi berean, albokoak hura bilatu ez dezaten zelatan. Hark egiten badu, nik ezingo dudalako egin. Entretenituta, despistatuta eta elkarri mokoka, zenbakien atzean ezkutatzen diren errealitate eta gabeziei apenas begiratu gabe.

Search