Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Erronka propioak

«Bai, esan?», letra larriz eta koloretako orritxo batean jarri dut ordenagailuaren bazterrean. Ez dut antolatzaileek nahi bezain azkar izena eman, azken orduan ibili naizelako, baina konbentzituta egin dut, nire ustetan. Jada prest daukat txapa motxilan eta bihar bertan jarriko dut paparrean, besteek eta batez ere nik ikusteko, gogoratzeko, hausnartzeko eta neurriak hartzeko.

Bat aukeratu behar, eta ahobizi naiz, nahiz eta belarriak beti prest ditudan euskaraz aditzeko. Edonola ere, euskaraz ulertzen dutenekin lehen hitza euskaraz egiteaz gain, ba ote dakiten ez dakidanean lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dut. Aurreko urteetako edizioetan ez nuen gehiegi kostatu zitzaidan sentsaziorik gorde; uste dut txapa egunez egun, jertsetik jertsera aldatzea eta aurreko egunean non utzi nuen asmatzea zailago gertatu zitzaidala, baina nork bere neurrian eskaera maila handitzea eskatzen duela uste dut; erronka propioak jarri eta horiek lortzen saiatzea, alegia. Oro har, euskaraz egiten dut lehen hitza, inguruneak ere horretan laguntzen didalako, baina noiz egiten dut estropezu gehien?

Ohartu naiz ezagutzen ez dudan telefono zenbaki batetik deia jaso eta erantzuten dudanean hartzen dutela indarrik handiena hizkuntza erabileraren inguruan ditudan zenbait aurreiritzik. Gehienetan «bai esan?» erantzuten diet, ohituragatik, baina gaztelaniaz mintzatuko zaizkidala aurrez pentsatuta eta, ia konturatu gabe, aise egiten dut gaztelaniara salto halakoetan, ia konturatu gabe. Eguneroko errutinan baditut, gainera, euskaraz egin daitezkeen eta, zenbait kasutan trabatuagoak izateagatik, egiten ez diren elkarrizketa batzu-batzuk eta horiei buelta ematea da nire buruari datozen egunetarako jarri diodan erronka; Euskaraldiak eskaintzen digun hausnarketarako eta ekiteko markoak, izan ere, ohitura horiek hautsi eta berriei bidea egiteko balio dezake akaso, akordio berriak sortzeko, joera hausteko eta berriak errotzeko.

Search