Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kontatu, biluztu

Bihotzean atximurka egiten duten irudiak ikustera ohituak gaude, ikusten ez bada existitzen ez den ingurunean bizitzen ikasi dugu eta. Pasa den astean Madrilen etxegabetu eta esku ohean atera zuten emakumearen imajinek, salbuespenak salbuespen, telebistaren parean jarritako guztiei eragin behar izan zien ziztadatxoa, ezin bestela. Inguruan laguntza eskaintzera joandako lagunak zituen, herritar ugari, animo oihu indartsuak; baina, nago, akaso une latz horretan nahiago izango zuela gisa horretan bere irudia ez betikotzea.

Akordatu naiz gaixotasun arraro bat zuen semearen kasua komunikabideetan ezagutzera eman zuten gurasoez eta erreparoz hitzartutako elkarrizketa hartan agertu zuten kontraesan sentsazioaz. Denbora zeramaten ikerkuntza gehiago egin behar dela aldarrikatzen eta laguntza eskatzen; ingurukoek ere emana zieten, baina ez zen nahikoa eta, kasuak oihartzuna izan zezan, erredakzioetako ateak jo zituzten, zalantzati. «Beste erremediorik ez dugu izan», errepikatzen zuten behin eta berriz, eta arren eskatu zidaten behar bezalako trataera emateko gaiari: herritarren buru eta gogoetan eragin nahi zuten, baina «duin»; gizarteari helarazi nahi zioten beharra, baina biluztu gabe. Eurekin izandako hizketaldi hark zer pentsa eragin zidan eta neketsua egin zitzaidan testu haren idazketa, mugak jartzea. Ordutik urte mordoxka pasatu da eta tankerako edukiak ikusten ditudanean, eurekin akordatzen naiz, batik bat protagonisten azal eta barrunbeak deskribatzen dituzten albiste zein erreportajeekin topo egiten dudanean. 

Hori ere izan daiteke desinformazioa, zirrara eragingo duten kontuak lehenestea, egoeraren atzean dauden arrazoietan fokurik apenas jarri gabe. Eta, gainera, joera horrek kasu batzuk hauspotu eta beste asko ezkutatzen ditu. Hala ere, nonbait gero eta arrakasta handiagoa dute formatu eta kontakizun mota horiek eta, uste dut, ikusiaren ikusiaz eta emozioaren emozioaz, bihotzeko atximurkak garestitzen ari zaizkigula.

Search