Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Lan istripuen arrastoa

Nekeza da goizean etxetik lanera irten den pertsona bat gehiago ez duzula ikusiko ulertzea. Heriotzak ez du, zoritxarrez, denboraz eta lekuaz ulertzen. Urtea hasi denetik hona, sindikatuen arabera, hamalau dira lan istripuz hil diren pertsonak Euskal Herrian, etxetik lanera irten eta itzuli ez direnak, segurtasun neurri eskasek eta prekaritateak eragindakoak kasurik gehienetan. Iaz 64 izan ziren. Hildakoen zifrak hotzikara eragiten badu ere, istripuak izan zituztenenak zer pentsa eragiten du. LAB sindikatuaren arabera, iaz 102.000 lan istripu izan ziren. Neurri eta ondorio desberdina izan zituzten seguruenik, baina ziur nago jasan zituzten pertsonengan eta haien ingurukoengan sortu zutela ezabatzen zaila den arrastoa.

Nik bost urte nituen aitak lan istripua izan zuenean, eta atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen ditut egun haietako pasadizoetako asko. Lantegiko arduradunak guri abisu ematera nola etorri ziren, ama eta biok ospitalera nola joan ginen ahalik azkarrena eta nola topatu genuen aita esku-ohe batean batera eta bestera. Ondorengoak lausoago ditut, denboran luze jo zuelako errekuperazioak eta ospitalean hainbat alditan eta denbora luzez egon behar izan dugulako orduz geroztik. Ezbehar haren arrastoetako asko ez dira inoiz osatu, ez fisikoak ez eta halako gertaerek sortzen duten ezinegon eta beldurrari loturikoak ere. Egun batetik bestera, lan eremuaz duzun ikuspegi hori erabat eraldatzen da, norberarentzat eta baita ondokoentzat ere. Eta bidea are eta traketsago egiten dute istripuaren erantzukizuna arindu beste helbururik ez duten jarrerak topatzen direnean parez pare.

Tamalez, nago asaldatzeari utzi diogula komunikabideetan lan heriotzen inguruko titularrak irakurtzen edota entzuten ditugunean eta haiek eragiten diguten interesa gertutasuna irizpide hartuta neurtzen dugula. Albiste horietatik kanpo geratzen diren istripu eta lan gaixotasunak are eta urrunago sumatzen ditugu, atetik kanpo, harik eta barruraino sartzen diren arte.

Search