Egutegi berria paretan jartzeko sasoi honetan, tradiziozkoak dira erronkak eta lortu nahiko liratekeen horien zerrendak, ohitura osasuntsuak hartu eta osasunerako kaltegarriak direnak utzi, nork bere buruaren zainketarako denbora tarteak hartzen ikasi… Otsailerako konturatu ohi gara gehienetan ohiturak hartu eta uztea ez dela erraza, eta lan ordaindua eta besteen zaintza uztartu ahal izateko, berriz ere leku beretik ari garela orduak jaten. Azken urteetan eta aurten agian gehiago, sasoi hau egunerokoan aurrezteko gako edo trikimailuen zerrenda garaia ere bada; urtarrileko malda deituriko horri aurre egiteko estrategiak. Makina bat app-en iragarkiak ere ikusi ditut azken egunetan, zentzua bera nola erabili gogoraraziko digun aplikazioena alegia.
Berak ez du urtarrileko maldarik ezagutzen, maldan gora aspaldian jarri zitzaiolako egunerokoa, izan urtarrila, ekaina edo urria. Lana franko egin du, baina eskerra beste ordainik jaso gabe, eta zahartzarora iritsi eta gizonaren alarguntasunarekin bizi da, duintasunaren mugan, gero eta pobretuago. Ez du aurrezteko trikimailurik emango dion inoren beharrik, gero eta potoloagoak diren fakturak ordaindu, jatekoa erosi eta etor daitezkeen ustekabeko gastuetarako apur bat apartatzeko nahikoa malabarismo egiten ikasi baitu dagoeneko. Dendan topatu dut. Kexu da, prezioen gorakadak lehendik ere trakestua zuen ekonomia zapuzten ari zaiolako, baina bere hitzetan sumatzen da datorren hori hartzera ohitua dagoenaren etsipen kutsua, «total». Bere buruari gutizia baimendu dio, ordea, gaur, «ze demontre!» esanda; justuan bizitzen ikasita, barazkiak, arraina eta haragia behar den neurrian jatea bezain osasuntsu zaio jan beharko ez lukeen baina oso gustukoa duen hori platerean jartzeko aukera izate hutsa.
Energiaren eta elikagaien prezioen gorakadak, lehenez gainera, etxe askotako ekonomia trakestu du, baina krisiek ere ez dute aurpegi bera guztientzat, emakume eta gizonei, oro har, desberdin eragiten dielako, abiapuntua ere desberdina delako. Maldan gora jarri dira kontuak; malda oraindik eta gogorrago bihurtu zaie batzuei.
Maldan bizi
Krisiek ere ez dute aurpegi bera guztientzat, emakume eta gizonei, oro har, desberdin eragiten dielako.
