Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Non dago muga?

Igandea zen eta hauteskunde eguna. Bere gorpua Gasteizko apartotel batean topatu zuten hilik eta indarkeria zantzuak zituen. Horiek izan ziren Maialen Mazonen hilketaren inguruan jakin genituen lehen datuak. Egun batzuk lehenago, Orion, Lourdes del Hoyoren hilketak eragindako hozkirria pasatu gabe genuen oraindik ere askok, gogorra izan zelako gertatutakoa, ikusi beharrekoa eta esandakoa, bai komunikabideen eta baita agintari batzuen ahotik. Segituan gogoratu nintzen bozketa egunetan erredakzioan izan ohi den zalapartaz eta urduritasunaz eta ohartu, agian, ez zela halako kasu bat lantzeak eskatzen duen patxada eta hausnarketarako parada hoberena izango.

Egun batzuk lehenago egin zen moduan, gomendagarriak ez diren eta arazoaren ulermenean laguntzen ez duten xehetasun asko eman ziren komunikabideetan. Interes pertsonalak eta ikerketari lotutakoak behartu ninduen argitaratu ziren albiste asko irakurri eta aztertzera. Ez ditut orain hemen azaldu eta nabarmenduko orduko hartan zabaldu ziren kontu asko, kasu batzuetan legea bera ere urratu zelako eta oihartzunik eman nahi ez diedalako, min asko sortu zuten eta. Familiak berak ere errespetua eskatu eta morboan oinarritutako informaziorik ez zabaltzeko eskatu behar izan zuen. 

Ia hiru urte bete direnean, joan den astean hasi zen bere bikotekidearen aurkako epaiketa. Komunikabide gehienek, gutxi edo gehiago, jarraipena egin diote eta epaitegiaren barruan aldeek esandakoak jaso dituzte, baina aldeak daude eta niri galdera asko sortu zaizkit. Epaitegiaren barruan esan arren, beharrezkoa da datu asko erreproduzitzea? Non dago muga? Nola jarri mahaiaren gainean indarkeria matxistaren izaera estrukturala? Nola ulertarazi gizarteari indarkeriaren dinamikak askotarikoak izan daitezkeela? Nola landu emakumeen aurkako indarkeria estrukturala eta instituzionala? Nola eragotzi berriz ere biktimizatzea eta estereotipoak zabaltzea? Zer egin dezakete komunikabideek gizarteak gaiaren inguruko kontzientzia har dezan? Eta irakurleei, guri zer dagokigu?

Search