Ez da gauza nobedosoa, noski, lehendik ere guk pentsatu baino eremu gehiagotan erabiltzen zelako, baina adimen artifizial sortzailea orain hiru urte pasatxo egin zitzaigun ezagun gehientsuenoi eta ordutik gure bizimoduetan sartzeko erakutsi duen gaitasuna behinik behin ikaratzeko modukoa da, edonon eta edonola ageri zaigu.
Asko eta zirrikitu askotatik ikertzen ari den fenomenoa da, erpin ugari dituen teknologia baita. Osasungintzan baliatzen da eta eritasun hainbaten detekzioan lagungarri gertatzen da, datuen prozesamendurako duen gaitasunagatik. Arrakalak ditu, ordea, eta ez du gaixoen eta haiek artatzen dituzten profesional askoren konfiantza eskuratu eta eritasun prozesuetan sentimendu hori oinarri-oinarrizkoa da. Kazetaritzaren eremuan ere aurpegi bikoitzekoa da, lagun zein etsai, alegia. Orain ez hainbeste urte denbora luzea eskatzen zuten lan mekanikoagoak egiteko balio dezake, elkarrizketak grabagailutik paperera pasako zituen tramankulu bat (nola deitu ere ez genekien) izatea bera miraria iruditzen zitzaigun orduan eta euskarazko testuak taxuz transkribatuko zituena, pentsaezina. Gaur kazetaritza testuak idazten ditu eta esatarien edota telebista aurkezleen rolean jartzen da. Nik burua eta, batez ere, bihotza duten kazetarien lanak eta iritziak bilatzen ditut, informazioa eman ez ezik hura ulertzeko eta, batez ere, sentitzeko gakoak ematen dituzten profesionalen hitzak; bihotzetik bihotzerakoak, horiek edonolako formatutan aurkezten badira ere. Gehiegizko informazioaren sasoian kilima eta atximurka egiten dutenak lehenesten ditut, datuen gainetik pertsonak eta haien hitz eta sentipenak jasotzen dituztenak, algoritmoa bestelakoak erakusten tematzen bada ere.
Olentzero dagoeneko bere zakua hartuta dabilenean, nik panpina, pijama edota puzzlea bezain ukigarriak ez direnak desira ditut, paperean kabitu ezin direnak; badaezpada ere, ohiko oparien zerrenda ere osatu dut. Portzierto, adimen artifizialak proposatuko bakar bat ere ez zait desiragarria iruditu.
