Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Pertzepzioak eta interesak

Hauteskunde kanpaina ofizialki etzi abiatuko da, baina alderdiek jada denboratxo bat daramate buru-belarri hautesleei gerturatzeko ekitaldiak antolatu eta haiei bideratutako mezuei oihartzuna ematen. Nekea sor dezake lasterketaren azken txanpa honek, batez ere, aspaldian norbere konfiantza galdua duten hautagaiak mezu errepikakor eta, nahi baino gehiagotan, erasokorrak baliatzen dituztenean. Baina ia neurri bereko interesa ere sortzen du aldi honek, eta makina bat ikerketa egin da eta egingo da aurten ere, hauteskunde urtea baita hau; hango eta hemengo herritarrak bertaratuko dira, konbentzimendu gehiago edo gutxiagorekin, boza ematera.

Amsterdamgo unibertsitateko hiru irakaslek hautagaiek jasotzen duten tratamendu mediatikoaren eta hark herritarrengan duen eraginaren inguruko ikerketa hainbat batu eta aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute, besteak beste, hedabideek emakumezko eta gizonezko hautagaiei ematen dieten tratamenduak eragina duela haien inguruko pertzepzioan, batez ere generoari lotuta estereotipoak tarteko. Ikerketa honek nabarmendu duen moduan, herritarren artean badira, antza, gizon eta emakumeei egozten zaizkien izaera ezaugarriak bereizteko joera, eta horiek politikarako dituzten gaitasunak eta indarguneak neurtzeko erabiltzen omen dira. Segun eta horiek zein zentzutan jorratzen dituzten hedabideek, aurreiritzi horiek indartu daitezke.

Bada, ordea, ikerketan atentzioa ematen duen ideia bat; antza, herritarrek uste dute gizonak hobeak direla krisi ekonomiko eta politikoak kudeatzeko, eta emakumezkoak, berriz, ongizatea, osasuna eta hezkuntza bezalako arloak lantzeko; eta horrek, itxura guztien arabera, gizonen alde egiten omen du. Azken arlo horiei erreparatzeari ez diot hasiera batean ahuldade edo txartasunik ikusten, ordea; izan gizon edo emakume, herritarroi egunerokoan eragiten diguten arlo horiek oinarrizkoak dira, eta datozen egunetan hautagaien aldetik behin eta berriz aipatu eta seriotasunez lantzen diren arloak izan daitezen desio nuke.

Search