Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Presioak

Estatuen indar erakustaldirako baliabide indartsua dira Olinpiar Jokoak, baina haien miseriak ere agerrarazten dituzte, nola gainera!

Amaitu dira. Olinpiar Jokoen jarraipenak nire oporraldietako asko baldintzatu izan ditu eta aurten, itxaronaldi luzeagoaren ostean, gogotsu jarraitu ditut Tokioko proba eta ikuskizunetako asko. Formatu kontzentratuan aurkezten diren eta ikusgarritasun handirik ez duten kirol jardun eta kirolariak ikusteko aukera ematen duten Jokoek badute tiradizo berezia.

Probak, markak edota estrategiak adina interesgarria iruditzen zait, ordea, testuingurua. Pertsonala, alde batetik, ezin dudalako proba horietarako zein prestaketa luze eta intentsua egiten duten ahaztu garaipena lortu duen kirolariaren poza edota segundo bakar batzuetan egindako lana demostratzeko aukerarik ere izan gabe Jokoei agur esaten dietenen atsekabea ikusitakoan. Baina testuinguru zabalagoa ere bada, kirolaren baitako sinbologiari lotuagoa. Estatu desberdinen indar erakustaldirako baliabide indartsuak izanagatik, haien miseriak ere agerrarazten dituzte-eta, nola gainera! Politikoki eta sozialki esanguratsuak diren ideiak transmititzen dira, izan ere, kirolaren bidez, eta, gainera, ikuskizunaren testuinguru eraginkorrean eta bozgorailu indartsuarekin.

Aurtengoan, ordea, buru osasunaren garrantziaz egindako aldarrikapena iruditu zait interes berezikoa. Simone Biles gimnasta estatubatuar ezagunak hainbat probatan parte hartzeari uko egin dio, bere osasun mentala zaindu behar zuela argudiatuta, eta bere erabakiak munduan barna zabaldu du buru-osasunaren garrantzia eta buru-gaixotasunen errealitatea. Hala, AEBetako selekzioko ikur eta izarrak alor honetan lan egiten duten profesionalek urte askoan lortu ez dutena lortu du, tabua gainditu eta sarritan isilean bizi den mina azaleratzea. Haren ondotik beste kirolari batzuk ere aritu dira, sentitzen duten horri hitzak jarri eta presiopean aritzeak eragiten dizkien kalteez hitz egiten; eta komunikabideek ere minutu asko eskaini dizkiote gaiari.

Pausua izanagatik, handia zalantzarik gabe, bidea dago, beste eremu batzuetako “presioak” azaleratzeko eta buru-gaixotasunen arrazoiak bilatzeko joera etengabean inork ez dezan pentsa eremu lehiakorretan justifikatuago daudenik; egunerokoa nahikoa lasterketa eta lehia badelako.

Search