Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zaharrak berri

Denboratxo bat gerturatu gabe zeraman bezeroari zer moduz doakion galdetu dio dendariak, eta «hainbestean, badakizu, zaharrak berri!» esanez erantzun dio. Bere bizitzak martxa bera daramala pentsatu dugu atzetik gaudenok, pozaren pozez barruan gorde ezin duen gertakizun pozgarririk ez duela izan, baina ondoeza sortzen dionik ere ez segur aski. Orokorrean, ez gara asaldatzen halakorik entzuten dugunean. Baina badira hainbestean jarraitu ezin dutenak.

Emakumeari buruzko Munduko IV. Konferentzia Beijingen ospatu zela 30 urte igaro dira. Orduko hartan mugarria jarri zuen onartutako adierazpenak. Urteurren biribilak aitzakia polita ematen du denboran urrun eta eduki hainbatetan hain gertu atzematen den testuari begiratzeko.

Hedabideei dagokienez, esaterako, argi jasoa du, haien eragina funtsezkoa dela gizarte parekideago bat sortzeko eta, horrenbestez, emakumeek beren ideiak adierazteko eta hedabideetan erabakiak hartzeko aukera gehiago izatea helburu estrategikoa dela adierazten du, garai hartan berritzaileak ziren komunikazio teknologia berriei ere erreferentzia eginda.

Ordurako bazekiten, izan ere, bazela zer hobetua eta ekintzaile, aditu eta komunikatzaile hainbatek hedabideen jarduna aztertzeko eta jarraipena egiteko erabakia hartu zuten. Justu, pasatu den astean argitaratu ziren Global Media Monitoring Project mundu mailako ikerketaren zazpigarren edizioko ondorio nagusiak.

Oraindik ere analisi sakonago eta tokian tokiko azterketak egitea falta da, baina, datuek agerian jarri dutenez, hedabideetan genero berdintasunaren aldeko prozesuan geldialdia atzematen da, eta genero estereotipoak oso errotuta jarraitzen dute kanal desberdinen bidez zabaltzen diren edukietan.

Asko aldatu da lehen edizio hartatik komunikazioaren eta hedabideen testuingurua, besteak beste, aurrerapen teknologikoek eraginda, baina bistan da zenbait joera eta aldagaitan ez dela egoera behar beste aldatu.

«Zaharrak berri» esan genezake, baina kasu honetan esamoldeak asaldatu eta eragin egin behar gaitu.

Search