Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zergatik?

Nik ere ez dakit zergatik gertatzen diren eta egiten ditugun gauza asko eta txikiaren galderen ondotik ari naiz kontraesankorrak diren arau asko atzematen.

«Zergatik» fasean bururaino sartuak gaude etxean. Zergatik hau? Zergatik bestea? Batzuetan taxua hartzen diot zergati bat entzun aurretik sortzen zaiola hurrengo galdera. Eskolara bidean patxadan goazela ariketa polita da, entretenigarria; niri ere gustatzen zait buru txiki horrek gauzak nola prozesatzen dituen eta zein azalpen eder sortzen dituen ikustea; bere begietara dena errazagoa da. Badira, ordea, bestelako momentuak eta onartu behar dut dena ezin dela jakin eta mundua ezagutzeko denbora behar duela esan diodala. «Zergatik, ama?».

Beste batzuetan, azalpen horiekin, biribila, ertzik gabekoa eta leuna den bere mundu ikuskera zapuzteko beldurra ere sortu zait, edota elkarri katramilatzen diren zergatien amaieran arrazoirik gabe geratzekoa. Nik ere ez dakit zergatik gertatzen diren eta egiten ditugun gauza asko eta txikiaren galderen ondotik ari naiz kontraesankorrak diren arau asko atzematen.

Udan igerilekuan izan gara eta aldageletako atearen parean jarritakoan neskenera edota mutilenera nora sartu behar dugun galdetu dit. «Hona sartuko gara», esan diot nesken aldageletako atea zabalduta, baina dagoeneko sumatu dut ahoa bete galdera sortu zaizkiola... Eta hasi da banan-banan botatzen. Poltsatik dutxarako xaboia eta toallak ateratzen ditudan bitartean saiatu naiz jakin-mina modu traketsean apaltzen, benetan dena baino azalpen politagoa ematen, ez diot esan nahi atearen gainean dagoen irudiaren gonapean ezkutatzen dela arrazoia. Azalpenak ez du kontentatu eta aldageletatik ateratakoan mutilen komunera joan gara elkarrekin, batean edo bestean sar gaitezkeela erakusteko; baina hurrengoan berriz ere nesken aldageletarako bidea hartu beharko dugu elkarrekin.

Haurrak baloreetan heztea gurasoen erantzukizuna omen. Guri dagokigu bai «zergatik» ugariri erantzutea eta eskaintzen diegun munduaren joskera eta etendurak erakustea; baina baita gure eskutik ez doazenean topatzen dituzten eta geuk ere ulertzen ez ditugun arau eta uste askok sortzen dizkieten kontraesanak eta mundu ikuskera traketsak konpontzea edota, behinik behin, saiatzea.

Search