Letra hauek idaztean, Bilbo pasatu diren mendeetako garaietan murgilduta dagoela dirudi. Ingelesez beteriko kaleak (gizonak oro har), baina ez meatzaritzan edota burdingintzan aritzeko, ez. Prosaikoagoa da bisitaldia, aldi labur baterako turismoren eskutik baitatorkigu, futbolaren eskutik. Eta etorri ziren moduan joango dira. Beraz, balantze eta balantza kontuak izango dira nagusi datozen egunotan.
Agintean daudenen balantzeak aurreikusteko modukoak izango dira oso. Spoilerra: itzulkin ekonomikoa izugarria izango da, egitura guztiek bikain funtzionatu dute eta munduko zilborraren klubean sar gaitezke inolako beldur barik, horretarako gara Bilbokoak.
Balantzeen aurrean balantzak beharko ditugu erabili, ikusten ez dena eta era guztietako eraginak sufritu dituztenen eta ditugunon tamainako errealitatea neurtu ahal izateko. Eta ariketa horretan geure buruari galderak egitea komenigarria litzateke.
Hotsandiko balorazioaz harago, galdera sorta datorkit burura, eta baita galdera labur batzuk ere: nortzuk izan dira bisitarien kopurua iragartzeko arduradunak? Esandakoa eta errealitatearen artean aldea nabaria izan da. Eragin ekonomikoa berebizikoa izan dela esango digute, baina noren mesedetan eta noren lepora? Funts publikoak inbertitu, irabazi pribatuak ziurtatzeko? Eraginak eragin, nolakoa izan da ingurugiroan jaso beharko duguna, Loiuko aireportutik hasita? Nola neurtuko dira bizilagunek, ikastetxeek, lantokiek etab. sufritutako arazoak, kalteak, atzerapenak...? Zer nolako parametroak hartuko dira kontuan etxebizitzaren garestitzea neurtzeko? Aztertu da egunotan agertu diren pisu turistiko ilegalen kopurua? Hiriaren irudi sakralizatua kalteturik gertu al da hotelen tarifen igoera neurrigabekoa kontuan hartuta?
Egia esan, zerrenda amaigabea otutzen zait, baina, baliabideak bezala, karaktereak ere bukatzen dira. Beraz, amaitzeko, funtsezko galdera: gure hiribildua prest dago aldi labur baterako jende uholdea berme guztiez jasotzeko? Hau da, Bilbo prest dago horrelako ekitaldi erraldoiak jasotzeko? Jarraituko duelakoan nago.
