Maria  del Rio
Maria del Rio

Cibergorrotoaz

Aurreko Jopuntuan, Torre Pachecoko eztandari jarraituz, gorroto delituen inguruan aritu nintzen, eta horiek bizikidetzan duten eragin negatibo sakonaz. Zoritxarrez, gaiak erpin anitzak ditu, eta hemen ere diskurtso publikoa nola eraikitzen den, hausnarketarako ematen du.

Sare sozialetan eskuin muturraren diskurtsoa nola elikatzen den jakitun gara. Horrela, desinformazio kanpainen eragina nabaria da edonon. Izan ere, datuek baieztatzen ez duten arren, maltzurki immigrazioaren, segurtasun faltaren eta delinkuentziaren hazkundea lotzeko saiakera etengabeak izaten dira. Immigrazioa konfrontazio politiko eta emozionaleko objektu bihurtuz, eta alarma sozialerako giroa bultzatuz. Eduki interesatu horien helburua, gainera, errotutako estereotipoak indartzea eta indarkeria erantzun gisa naturalizatzen duen testuingurua sustatzea da. 

Dena den, online narratibek oinarrizko zeregina izan badute ere “gorrotoa” onargarri bihurtzen duen giroa eratzen –Europa osoan modu kezkagarrian gertatzen ari dena–, ezin da gutxietsi offline ere kontakizun publikoa eraikitzen laguntzen dela; besteak beste, eskuineko lider politikoek eta komunikabide tradizionalek ardura handia dute horretan. Izan ere, Torre Pachecoco adibidean albistea jorratzeko moduak, hasiera batean behintzat, ez zuen arrazismoaren aurkako osagai argirik izan, ezta egiturazko azterketarik ere; hortaz, berriaren fokua bizikidetza gatazka bat izan zela ezartzera mugatu zen. Azpimarratu gabe fenomeno askoz globalago baten tokiko adierazpen baten aurrean geundela, eta kontuan hartu gabe ere gertaerak ez zirela neutroak izan eta eragin handiagoa izan zutela, adibidez, emakumeengan eta gazteengan.

Gorroto-delituen aurkako borrokak ezin du erreaktiboa izaten jarraitu. Ez dago pertsona jakin batzuen segurtasuna soilik jokoan, eraiki nahi dugun gizarte eredua bera baizik. Fenomeno horiek ez dira abstraktuan sortzen, udalerri zehatzetan baizik, eta beharrezkoa da hurbiletik eta egunerokotasunetik komunitatea sortzearen aldeko apustu irmoa egitea. Premiazko zeregina da.

Search