Maria  del Rio
Maria del Rio

Errege Eguna

Garai batean kristautasuna sendotzen laguntzeko balio izan zuen. Gaur egun, gizarte kapitalista eta sekularizatu baten testuinguruan, kontsumo erritu gisa du balioa.

Gaurkoa, Errege Eguna, bada egun magikoa. Esne-gainarekin edo esne-gainik gabe, errege-opila jatea ohitura gozoa da, eta familiarekin bazkari berezia egiteaz harago, dudarik gabe umeentzat egun polita eta ilusioz beterikoa da. Duela egun batzuk opariak eskatzeko gutuna idatzi zieten, eta atzo, goiz joan behar izan zuten lotara, gauean ikusi gabe irits zitezen. Zenbait etxetan janaria uzten zaie beraiei eta euren gameluei, eta zapatak garbi eta prest uzten dira oparien zain. Horrela, aurreko arratsaldea, kabalgata ikusten, eta aurreko gaua, dena prestatzen, irrikaz beterikoak izaten dira. Gaur goizeko emozioa bada opariengatik, baina baita iritsi diren moduagatik ere.

Oinarri historiko sendorik gabeko pasartea da urteekin moldatuz eta sendotuz joan dena. Olentzerori sarriago eta argiago leporatzen zaion arren, egia esan, izan duen eraldaketa parekagarria dela dirudi. Mitoan sinesten ez den arren, eta Olentzero gero eta errotuago dagoen arren, Errege Magoen Gabonetako errituak bizirik irauteko ustekabeko gaitasuna du, belaunaldiz belaunaldi igarotzen dena. Hala ere, seme-alabei kendu nahi ez dieten haurtzaroko oparia dela uste duten gurasoen aurrean, badira gezurra ez betikotzea komeniko litzatekeela uste dutenak, finean tradizioa birplanteatzea komeniko litzatekeela diotenak. Baina zergatik iraun du horrenbeste? Eta zertarako balio du?

Egia ez da, noski, baina bigarren mailako kontua da hori, bidalitako mezua eraginkorra den heinean. Garai batean kristautasuna sendotzen laguntzeko balio izan zuen. Gaur egun, gizarte kapitalista eta sekularizatu baten testuinguruan, kontsumo erritu gisa du balioa. Fake news-ak bezalaxe, gutxienekoa da gezurtatua izatea edo ez, eraginkorra izaten jarraitzen duelako, emozioak eta sinesmenak lehenesten direlako datu objektiboen aurrean. Itxarotea merezi duen hitzemate horri bestelako edukirik ematea lortu ahal dugu gaur egun? Ez da ez, kontu makala, gizarte orok behar du-eta bere iruditeria eta alde afektiboa.

Search