Maria  del Rio
Maria del Rio

Guztion gustuko doinuak

Kale artisten eztabaida piztu da berriz Bilboko kaleetan, euren jardunbidea modu zorrotzagoan arautzeko bidea ireki baita. Horren berri izan nuenean, burura etorri zitzaidan gaztetan kalean musika jotzen izandako esperientzia. Bazen aukera ezin hobea gure kabuz kontzertu txikiak antolatu eta, halaber, publiko aurrean jotzen konfiantza hartzeko; nolabait, plazako eskarmentuaren sentsazioa. Jendearekin harremana atsegin genuen, eta, zergatik uka, biltzen genuen diru apurra ere ondo etortzen zitzaigun, bereziki, Gabon garaian.

Kale artistak gure kale kantoietan ikustera ohitu gara, batzuk musika jotzen, beste batzuk antzerkia egiten edo margotzen. Finean, artea espazio publikora eramaten, eta edonori hori ikusteko aukera ematen. Baina doinu hori ez da beti gozoa belarri batzuentzat. Bizilagun batzuek arazo bezala ikusten dute, bereziki, musika zaratatzat hartzen dutelako, euren atsedenerako eskubidean izan dezakeen eragina kontuan hartuz. Finean, tentsioa sortzen da adierazpen artistikoaren askatasunaren eta espazio publikoaren antolamenduaren artean. Hala izanik, orekak bilatzeko beharra dago. Baina, nola lortu?

Espazio publikoa, gure arteko harremanak saretzen ditugun tokia izateaz gain, eztabaidarako gunea eta etengabe aldatzen ari den lekua ere bada. Egia da arautzeko ez dela erraza, besteak beste, herritarren erabileraren eta merkaturatzearen artean sortzen den tentsioagatik (adibidez, terrazekin edo kaleko salmentarekin), mugikortasunaren eta irisgarritasunaren beharrezko kudeaketagatik, edota soinu kutsadurari eta segurtasunari lotutako erronkengatik. Haren konplexutasuna eta garrantzia dela eta, funtsezkoa da gobernantza kooperatiboaren ikuspuntua garatzea eta kaleko artisten ahotsak ere entzun ahal izatea, espazioaren erabilerak ahalik eta inklusiboena izan behar duela kontuan hartuz. Azpiegitura fisikoez haratago, kohesio sozialeko, elkarrizketako eta eraikuntza komunitarioko lekuak bilatuz, alegia. Estiloetan aniztasuna nagusi izan arren, ziur badagoela guztion gustuko doinuak jotzeko eta entzuteko modua. Kantatzen duen herria ez da noiz hilko.

Search