Maria  del Rio
Maria del Rio

Itxaropena

Urte berri honetan idazten dudan lehen artikulua izanik, ia behartuta nago testuinguru globalari buruz hausnartzera. Antza, aldaketa sakonen unean gaude. Mehatxuak ezagutu arren, urte hasiera Venezuelaren subiranotasunaren eta, bide batez, nazioarteko zuzenbidearen aurkako eraso larri batekin estreinatzeak harritu eta arduratu egin gaitu. Gainera, argi geratu zaigu guztioi mehatxua ez dela Venezuelaren kontrakoa soilik. Trumpen bigarren agintaldiak lurrikara politiko eta ekonomikoa eragin du nazioartean, baita Europan ere. Bereziki, kontuan izanda Europar Batasunean ezegonkortasuna dela nagusi eta norabide militarista indartzen ari dela, jada gizartean erabaki horren eragin negatiboak sumatzen hasiak da. Esaterako, garatzen ari den olatu erreakzionarioa feminismoan eta LGTBI+ eskubideen alde emandako aurrerapausoetan inpaktua izaten ari da, eskubide murrizketetan eta kolektibo zehatzen aurkako indarkerian nozitzen dena.

Zorionez, badira itxaropen zantzuak ere. Horien artean, Palestinaren aldeko borroka. Izaera antiinperialista, antikolonial eta antifaxista duen nazioarteko mobilizazioak Euskal Herrian izugarrizko oihartzuna lortu du. Nabarmentzekoa da, gainera, hartutako zeharkakotasuna, baita gazteak erakartzeko ahalmena ere, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidan edo urriaren 15eko lan etenaldietan ikusi zen bezala.

Duela hilabete batzuk, Angela Davisi elkarrizketa batean irakurri nion itxaropena diziplina bat dela. Egungo testuinguruan hitz horiek oso egokiak dira, inoiz baino gehiago, itxaropenaren alde egitea zaila bezain funtsezkoa denean. Gerraren eta esperantza ezaren aurrean irtenbideak badaudelako: elkarrizketa eta akordioaren alde, diplomazia eta negoziazioaren alde, besteak beste. Ezinbestekoa da alternatibarik badela gogoraraztea; mundu hobea eraikitzeko aukera ezin da errotik baztertu. Horretarako, guztiok, baita eragile politiko zein sozialek ere, lan eskerga izango dugu aurten. Ezin dugu ahaztu une erabakigarrian gaudela eta lankidetza lehen lerroan jarri beharko dugula, itxaropenari eutsiz.

Search