Izanak izena behar du
Bilboko Federico Moyua plazak "Plaza Eliptikoa" izena berreskuratuko du laster. Bilbotarrontzat ez da aldaketa arrotza izango; izan ere, betidanik erdialdeko toki hori Plaza Eliptiko izenez ezagutu dugu. Are gehiago, esango nuke metro geltokia Moyua izendatu arte inork ez zuela izen ofiziala erabiltzen.
Aldaketa iragarri zenetik, ez dira gutxi izan erabakiari garrantzia kendu eta kritikatu dutenak, ekar ditzakeen ustezko arazo praktikoen aitzakia erabiliz. Batzuek metro geltokietako errotulazioan izango duen eragina eta kostua aipatu dute, adibidez. Baina aldaketa ez da kapritxo baten ondorioa izan; Federico Moyua Bilboko alkate izan zen Primo de Riveraren diktaduran, eta, 1937an, tropa frankistak Bilbon sartu eta gutxira, plazari haren izena ematea erabaki zuten. Hortaz, aldaketa Memoria Historikoaren Legearen eskakizuna betetzera dator; baina, bereziki, hiritar eta elkarteek urte luzez egindako eskaeren emaitza da. Aspaldi utzi zion Plaza Biribilak Espainia Plaza izateari, eta jada ahaztua dugu Agirre Lehendakaria etorbidea Armadaren Etorbidea izan zela. Hortaz, bazen garaia!
Kale-izendegiek funtsezko garrantzia dute, espazio publikoa modu sinbolikoan markatzen dutelako eta memoria jakin bat finkatzeko balio dutelako. Kontua ez da, inoiz esan den bezala, historia ezabatzea, baizik eta kale batek pertsona baten izena izateak dakarren aitorpena eta ohorea ezabatzea. Kaleen izena aldatzeko azken erabakia alkatearena bada ere, espazio publikoaren erabilera berrikustea etengabeko ariketa kolektiboa izan behar da. Horretan ere gobernantza kooperatiboa funtsezkoa da. Gogora dezagun, gainera, plaza bat hiri-espazio bat baino gehiago dela; elkargunea ere bada, eta Plaza Eliptikoa gure hirian izandako hainbat gertakari historikoren lekuko ere bada. Partaidetzari esker, nomenklatura berriak hiriaren historia eta kultura irudikatzea berma dezake, komunitatearentzat garrantzitsuak diren elementuak eta balioak oroituko dituela ziurtatuz. Hau da, plazan bertan gertatzen den bezala, tokiko nortasunaren isla dela ziurtatu nahi da.
