Maria  del Rio
Maria del Rio

Klima-aldaketa, hiri-birmoldaketa

Klima-aldaketa aintzat hartu behar da hirigintza plangintza egiterakoan, mugikortasuna diseinatzerakoan, edo eraikinen birgaitzea sustatzerakoan

Banaiz beroaz gozatzen duen horietakoa, edo banintzen. Egun hauetan ikusten ari garena gehiegizkoa da: lo egitea zailtzen du eta askoz nekatuago amaitzen dugu eguna.  Eguraldiaz hitz egitea jada ez da “igogailuko elkarrizketa”: oso gai serio bihurtu da. Bero-bolada gehiago eta muturrekoagoak direla agerikoa da. Orain, bai, ezinezkoa dirudi inork krisi klimatikoa ukatzea.
 
Askotan gogorarazi digute hidratatzeko beharra, nola identifikatu dezakegun bero-kolpe bat edo etxea nola freskatu. Hala ere, albo-ondorio negatiboei aurre egitea oso zaila da. Osasunean eragin nabaria du, suteen sorrera errazten da, aire-kalitatea okertzen da, energia-kontsumoa handitzen da eta eragina izaten du ekosistemetan eta laboreetan ere. Hiri-inguruneak, gainera, inpaktu espezifikoak izaten ditu. “Bero-uharteen” fenomenoa gertatzen da, hirietan tenperatura landa-eremuetan baino gehiago hasten da eta. Premiazkoa da, beraz, etorkizunean bero-boladak geldiarazteko edo, behintzat, horiek atzeratzeko neurriak hartzea. Eta presazkoa da, baita ere, ondorio negatiboak gutxitzeko beharrezko egokitzapenak egitea. Horren harira, gure hiriei buruzko hausnarketa nahitaezkoa da, tokikoari garrantzia aitortuz.

Egunotan, “babesleku klimatiko” terminoarekin ohitu gara. Freskotasunaren bila, igerilekuak eta parkeak bete ditugu, eta kaleko iturriak gehiago erabili ditugu. Hala ere, beharrezko aldaketek askoz sakonagoak eta orokorragoak izan behar dute. Klima-aldaketa aintzat hartu behar da hirigintza-plangintza egiterakoan, mugikortasuna diseinatzerakoan edo eraikinen birgaitzea sustatzerakoan. Hiriei lotutako irudia begi-bistan aldatzea premiazkoa da. Esaterako, ez du zentzurik gailentzen ari den plazen diseinua: zuhaitz gutxi eta ia itzalik gabekoak. Hiriek elkarrekin bizitzeko espazioak izan behar dute. Horrela, espazio publikoak mugikortasuna kontuan izan behar du, baina baita iraunkortasuna eta sozializazioa ere. Ezin dugu ahaztu hiriek proiektu kolektiboak izan behar dutela.

Search