Maria  del Rio
Maria del Rio

Konfiantza ala kontrola?

Asteazkenean institutuko ikasle talde batekin aritzeko tartetxo bat izan nuen, euskara sustatzea xede izanda. Helburua sobera bete genuen, oso elkarrizketa bizi eta interesgarriak sortu baitziren. Sare sozialen inguruan sakon jardun ginen, adinaren arabera gure bizitzan duten eragin ezberdinen inguruan hausnartzen. Harritu eta, era berean, kezkatu egin ninduen bikotekide oso gazteen artean sare sozialetako pasahitzak partekatzea oso normalizatuta dagoela jakiteak, baita euren kokapena partekatzea ere. Konfiantza, intimitate eta konpromisoaren adierazletzat hartzen omen da. Baina, dudarik gabe, kontrol dinamika bat da, maitasunaren seinale gisa saltzen dena baina oso ondorio arriskutsuak izan ditzakeena.

Datorren asteartean, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da; indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna; bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudela garbi adierazteko data aproposa, alegia. Jakin badakigu indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gure jendartean; bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bizitzan noizbait, eta gazteen sareetako indarkeria kasuek etengabe gora egiten ari dira.

Indarkeria digitalak, indarkeria matxistaren adierazpen gisa, arreta berezia eskatzen du, baita prebentzioari dagokionez ere. Izan ere, mundu digitalak gero eta rol garrantzitsuagoa du gure bizitzan, eta eremu horretan sortzen diren indarkeriek, zoritxarrez, gero eta garrantzi handiagoa dute, ondorio esanguratsuekin. Gainera, ziberindarkeriak ez dira soilik bikote gazteen artean gertatzen, profil anitzek pairatzen baitituzte; besteak beste, profil publikoa duten emakume profesionalek komunikazio-espazio anitzetan.

Finean, gai honi arreta merezia jartzea guztion ardura da, aurrezaintza goiztiarretik hasita. Internet gune segurua izatea lortu behar dugu, indarkeriarik gabea eta, ahal dela, emakume eta neska guztientzat trebatzailea ere bai.

Search