Azaroa funtsezko hilabetea da aurrekontuak izapidetzeko; erakundeetan ere lan-karga handiko hilabetea da. Bai horiek prestatzeko ardura dutenen aldetik, bai proposamena fiskalizatu eta zuzendu behar duten talde politikoen aldetik. Zalantzarik gabe, garrantzi politiko handiko unea, izan ere, aste hauetan hartzen diren erabakiek datorren urteko ekimenak eta proiektuak baldintzatuko dituzte. Aurrekontuetan erabakitzen baitira sarrerak, gastuak, inbertsioak..., finean, lehentasuna duten proiektuak eta, aldiz, itxaron behar izango dutenak.
Garrantzitsuak diren arren, hainbat administraziok tresna bereziki konplexutzat jotzen dituzte: ulertzeko zaila den zenbaki eta eragiketa multzoa, adituak ez direnentzat, zailak diren izapide tekniko mordoa eskatzen dituztenak. Azken batean, gehiegi hurbiltzea merezi ez duen zerbait bezala saltzen dituzte batzuek, dakitenek konponduko dutena.
Aurrekontuek, ordea, tresna estrategikoak izateko gaitasuna dute, erronka kolektiboei erantzutea ahalbidetzen baitute. Hortaz, helburua herritarren parte hartzean sakontzea izan beharko litzateke; eta, batez ere, bazterketa-dinamikak gainditzea eta erantzukizunak beste indar politiko batzuekin partekatzea. Eredu ezberdinetatik abiatuta ere, akordioetarako tarteak bilatu ahal dira. Herritarrentzat onuragarriak izango diren erantzunak aurkitzeko eta aurrean ditugun erronkei aurre egiteko prestatuta egoteko. Bada etxebizitza, aldaketa klimatikoa edo zaintza moduko erronkei modu bateratuan erantzuteko unea, aurrekontuen transformazio gaitasunaz baliatzeko unea, alegia.
Hori lortzeko, ordea, ez da nahikoa aurkezten diren zuzenketei azken unean erantzun estandarizatua eskaintzea. Inondik inora. Parte hartzeko benetako aukera eskaini behar da. Ez mugatu araudien zehaztapenetara, ausarta izan, eta bestelako eragile eta talde politikoei sukalderaino heltzen baimendu. Aurrekontuen lanketaren unea benetako solasaldi tarte bihurtuz. Horrela eginda, etorkizuneko beharrei erantzun egokiagoa eta eraginkorragoa emango diegu.
