Misterio moduko zerbait izan da luzaro niretzat Txinak segurtasun eta defentsa politikan gorde duen irizpide nagusietako bat, gorena ez esatearren: aliantza militarrik ez; aldebiko hitzarmenak, bai. Kontraesan nabaria iruditzen zitzaidan, baina egintzak ziren lekuko: Varsoviako Itunaren lehendabiziko urteetan ere, begirale estatusa besterik ez zuen ontzat eman Maoren Txinak bertan; eta 1960tik aurrera, hori ere ez, noski. Gainerakoetan, ezta sartzeko kinadarik ere, jakina, antolakunde ekonomiko edo politikoetan egin duenaren alderantziz.
Oraintsu, misterioa argitu dit zertxobait iturri ofizial samar batek. Aliantza militarrak hierarkikoak izaten omen dira ezinbestez: botere nagusiaren borondateari men egiten diote azken finean, nagusi-morroi ereduaren arabera. Aldiz, aldebiko hitzarmenak berdintasunezkoak omen…
Egia esan, arrazoibidearen lehendabiziko zatiak arrapostu gutxi ametitzen du. Varsoviako Itunean, nagusiaren borondateak agintzen zuela hitzarmenaren testuan bertan nabarmentzen zen; eta behar beste egikaritu zen praktikan. NATOn, mozorrotuago egon zitekeen egitate hori aldi batean; baina azken hiru hamarkadetan maskarak desagertu egin dira, eta “Ukrainako krisiak” garbi utzi du zein den “aliantzaren” muina: AEBen borondatea. Eta iraganeko nahiz etorkizuneko beste aliantza ospegabeago batzuetan ere nekez aurkitu ahalko da bestelako jardunbiderik.
Alde biko, hiruko, lauko... zuzeneko tratu edo hitzarmenak ere, ordea, ez dira atzo goizekoak nazioarteko harreman politiko-militarretan, hainbat deiturapean: liga, ententea, ardatza, eta abar. Eta tratukideen arteko berdintasuna hala moduzkoa izan zela haietan ere iradokitzen du historiak.
Vladimir Putinek eta Xi Jinpingek sinatu duten adierazpenean, haren izen klasikoena litzatekeena, “ententea”, inondik ere ez dela agertzen eta, aldiz, “koordinazio” hitza dozena bat aldiz irakurtzean oroitu naiz misterio zaharraz. Baditu beste ñabardura esanguratsu batzuk ere, zurezko antiojuekin irakurri ezin direnak.
Aliantzarik ez, ententeak bai
Aliantza militarrak hierarkikoak izaten omen dira ezinbestez: botere nagusiaren borondateari men egiten diote azken finean, nagusi-morroi ereduaren arabera
